ekoNOMIA

CCOOk eta UGTk grebara deitu dute Espainiako sektore publikorako

Bi sindikatuetako buruzagiek Zapaterorekin bilera egin dute gaur, atzo Espainiako Gobernuak iragarritako murrizketa erabakiez eztabaidatzeko. "Erabateko desadostasuna" agertu diote gobernuburuari. Ekainaren 2rako deitu dute greba.

2010eko maiatzaren 13a
20:15
Entzun
UGTk eta CCOOk ekainaren 2rako sektore publikorako grebara deitu dute gaur arratsaldean, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak atzo gastu publikorako iragarri zituen murrizketen kontra egiteko. "Erabateko desadostasuna" dute bi sindikatuek gobernuak hartutako erabakiekiko.

Horrela adierazi diote gaur UGTko eta CCOOko buruzagiek Espainiako presidenteari, hirurek egin duten bileran. Candido Mendezek (UGT) eta Ignacio Fernandez Toxok (CCOO) batera eman dute prentsaurrekoa batzarra azaltzeko. Mobilizazioak ere batera egiteko asmoa agertu dute, pentsatzen baitute gobernuak "finantzen merkatuari soilik begira hartutako erabakiak" direla. "Biderik okerrena hartu du krisitik oraindik atera ez garela kontuan hartuta".

Gastu publikoaren murrizketen ondorioz giroa gaiztotu egingo da Mendezen ustez, neurriok lan erreforma negoziatzeko orain arte egon den "oreka oztopatzen" dutela uste baitu. "Oso garrantzitsua da" harentzat akordio bat lortzea lan merkatuaren erreforma egiterakoan, "baina neurri hauek ez diote prozesuari laguntzen; negoziazio klima desegonkortzen dute".

Espainiako Estatuko defizit publikoa %11,2tik 2013rako %3ra jaisteko helburuarekin, neurri gogorren berri eman zuen atzo Zapaterok Kongresuan. Besteak beste, funtzionarioen soldata gutxienez %5 murriztuko du uztailetik aurrera -jaitsiera soldatekiko proportzionala izango da, gobernuko kideen kasuan %15era heldu arte-, eta soldatok 2011n izoztu egingo ditu. Halaber, pentsioak ez ditu igoko datorren urtean -minimoak bai-, Espainiako Estatuko erkidegoetatik eta erakunde lokaletatik aurreikusi baino 1.200 milioi euro gehiago aurrezteko asmoa agertu du Zapaterok, inbertsio publikoak aurten eta hurrengoan 6.045 milioi eurotan jaitsiko ditu...

IU: "Gobernuak atzera ez badu egiten, garbi dago greba orokorra egongo dela"

"Gobernuak atzera ez badu egiten, herritarrek bizkarra emango diote eta garbi dago greba orokorra egongo dela". Hala adierazi du gaur Gaspar Llamazares IUko parlamentariak. "Horixe gertatzen da batek merkatuak herritarrak baino gehiago maite dituenean".

Llamazaresen ustez, gobernuak erabateko aldaketa egin du politika sozialean eta, gainera, "neurri gogor gehiago" hartuko ditu. "Herritarrek hortzak erakusteko garaia da. Herri honetako langileek beti jakin izan dute erreakzionatzen, eta orain ere mugituko dira euren eskubideen aurkako eraso honen aurrean".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.