CCOOk jakinarazi du langile bat kaleratu dutela «esplotazioa salatzeagatik»

Sasyma enpresan jatorri errumaniarreko hiru langilek 14 orduko lan eguna zutela adierazi du sindikatuak

Erredakzioa
Donostia
2009ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Krisiak lanpostuak suntsitzeaz gain, hainbat langileren lan baldintzak okertu dituela berretsi du Euskadiko CCOOk eginiko azken salaketak. Sindikatuaren arabera, Erandioko Sasyma enpresak CCOOren ordezkaria kaleratu du, «langile errumaniarren esplotazioa salatu izanagatik».

Duela hilabete batzuk jarri zuen salaketa CCOOko ordezkariak Lan Ikuskaritzaren aurrean. Enpresak azpikontratatuta zituen jatorri errumaniarreko hiru langileren lan baldintza «lotsagarriak» salatu zituen.

Sindikatuak azaldu duenez, Langileek lanegun luzeak izaten zituzten, 14 ordutaraino ere iritsi zitezkeenak. Trukean, baina, 300 euroko soldata kobratzen zuten, eta dietei zegokion beste kopuru txiki bat ere gaineratzen zitzaion.

Zaurituta, lanean

Beharginetako bat zauri batekin lan egitera behartuta egon zen. Enpresan bertan izandako lan istripu batean zauritu zuen hanka, eta hura irekita eta odolez inguratuta zeukan. Ez zioten baja hartzen uzten, «mutuaren estaldurarik eta Europako Osasun txartelik ez zuela argudiatuta».

Langileen egoeraren berri jakitean Lan Ikuskaritzak isuna jarri zion Sasymari, baina «enpresak CCOOko ordezkaria kaleratuz erantzun zuen».

Euskadiko CCOOk dagoeneko jarri du enpresaren kontrako salaketa, eta «bukaeraraino» jarraituko duela ohartarazi dio enpresari. Horrez gain, «XIX. mendeko lan harremanei dagokien jokabide diktatoriala» alde batera uzteko eskatu dio.

Egoera salatzeko asmoz, Sasymako langileei mobilizazioetara ateratzeko eskatu diete. Egunero ordubeteko lanuztea egingo dute, eta enpresaren aurrean elkartuko dira 11:00etatik 12:00etara, astelehenean izango da lehenengoa.

Sasymak materialen gainalderako tratamenduak egiten ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.