"Mozkinak ateratzen jarraitzeko", Cebek Bizkaiko patronalak "lan merkatua erabat prekarizatzeko apustua" duela esan du LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk. Cebekeko presidente Iñaki Garcinuñok atzo esan zuen enplegu publikoaren eskaintza zabalak oztopatu egiten duela ekintzailetza; patronaleko buruak uste du datozen urteetan aurreikusita dauden EPEek ez dutela lagunduko ekintzailetzan. "Penagarriak" dira hitz horiek, Aranbururen ustez.
Maiatzaren Lehenerako LAB sindikatuak egin duen plangintza plazaratzeko agerraldia egin du gaur goizean zuzendaritzak, baina Cebekek atzo esandakoei ere erantzun die sindikatu abertzaleak. "Patronalak zer-nolako herrialde eredua nahi duen islatu dute". Enplegu pubikoaren eskaintza "lehiakide gisa" ikusten du patronalak, Aranburuk dioenez, "atal pribatuan lan harremanen eredu basati bat bultzatzen jarraitu nahi dutelako, erabateko prekarizazioa egon dadin".