Cebekek proposatu du absentismoa murrizteko neurriak lan hitzarmenetan txertatzea

Bizkaiko patronalak esan du komeni dela sindikatuekin akordioak egitea «absentismo tasak» murrizteko, «oso handiak» baitira. Horretarako pizgarriak adostearen alde egin du, «ez derrigorrez ekonomikoak».

Cebekeko Guillermo Buces eta Francisco Javier Azpiazu, gaur, Bilbon. CEBEK
Cebekeko Guillermo Buces eta Francisco Javier Azpiazu, gaur, Bilbon. CEBEK
Paulo Ostolaza.
2026ko otsailaren 3a
15:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Langileei pizgarriak eskaini behar zaizkie «absentismoa murrizteko». Mezu hori helarazi du gaur Cebekek; Bizkaiko patronalak hamabost sektoretako lan hitzarmenak negoziatu beharko ditu aurten —denera 24 negoziatzen dira Bizkaian—, eta horietan absentismoa txikitzeko neurriak adostearen alde egin du. Azalpenik gabe lana huts egiten dutenak eta gaixo baimena hartua dutenak biltzen dituzte absentismo hitzaren pean enpresaburuen elkarteek.

Enpresei aurtengo dituzten aurreikuspenen inguruan galdetu die Cebekek, eta inkesta horren emaitzen aurkezpena egin du gaur. Guillermo Buces presidenteak nabarmendu du aurten negoziazio kolektibo inportanteak egingo direla, eta orduan adierazi du interesgarria litzakeela negoziazio horietan absentismoa murrizteko pizgarriak txertatzea. «Ez dute ekonomikoak izan behar derrigorrez», zehaztu du.

Denera 140.000 langileri eragiten diete aurten negoziatuko diren hamabost hitzarmenek. Tartean da 55.000 laguni eragiten dien metalgintzako ituna. Bucesek adierazi du negoziazio kolektiboa berritzeko abagune bat dutela aurten, eta horregatik ahalegindu behar dutela absentismoa eta halako gaiak lantzen. Antolakuntza «malguagoa» egiteko elementuak adostea ere proposatu du.

Patronalaren datuen arabera, 2024. urtean Bizkaiko enpresetan dabiltzan langileek 24-25 lanegun galdu zituzten «absentismoa» dela eta. Cebekeko ordezkarientzat «herrialdearen arazo bat» da hori, eta «ez enpresena soilik».

Aurreikuspenak

Aurreikuspenei dagokienez, Cebekek uste du Bizkaiko BPG barne produktu gordina %2 handituko dela aurten. Inkestan, enpresa gehienek hazteko asmoa dutela erantzun dute, bereziki zerbitzuen sektorekoek.

Egoera ez da horren ona industriaren alorrean. Aurreikuspenak «onak» dira, baina azken urteak «oso txarrak» izan dira, eta Bucesek zuhurtzia eskatu du, «sarritan enpresen irabazi marjina jartzen baita jokoan fakturazioa mantentzearren». «Adibide argiena Tubos Reunidos da», gehitu du Bucesek.

Orokorrean, Bizkaiko enpresen %61,6k uste dute 2026. urte «ona» izango dela; %33k, «erdipurdikoa», eta %5ek, «eskasa».

Inkestaren datuei erreparatuta, Bizkaiko enpresen kezka nagusia dira honako hauek: produktibitatea, lehiakortasuna eta irabazi marjinak mantentzea. Horien ostean pertsonen kudeaketak pizten die kezkarik handiena: langile profil egokiak topatzea eta absentismoa. Eta, azkenik, esan du «enpresek presio fiskal handia» dutela. Azken horri buruz, Bucesek esan du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresen lan kostuak Europako batezbestekoa baino %34 handiagoak direla.

Amaitzeko, migratzaileen erregularizazioa goraipatu du Bucesek, patronalak egiten dituen ikerketen emaitzetan sarritan agertzen baita enpresek langileak topatzeko zailtasunak dituztela, eta aurten, inkestak dioenez, Bizkaiko enpresen %61ek lantaldeak handitzeko asmoa dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.