Egun bat falta da administratzaile konkurtsalak akordio bat lortzeko emandako epea agortzeko, eta gaur arratsaldean, erlojua geratzeko 24 ordu falta zirela, CEL taldeko langileek onartu egin dituzte konpainiaz jabetu nahi duen Lucart talde italiarraren baldintzak. Erabaki gogorra izan da beharginentzat, gogorrak baitira onartutako neurriak, Europa Press berri agentziak azaldu duenez: CELek 21 langile kaleratuko ditu, aurretiazko erretiroa emango die beste 59ri, eta 145 langilerekin jarraituko du martxan, Lucarten gidaritzapean. Hori bai, geratzen diren langileek gerrikoa estu beharko dute, soldatak batez beste %20 txikitzea onartu baitute.
Kaleratutako 21 langileen artean, hamabost «borondatez» doazela esplikatu diote iturri sindikalek berri agentziari: «Borondatezko hamabost kaleratze daude, gutxieneko kalte-ordainekin. Beste bost edo sei kaleratze traumaikoak izango dira». Azaldu dute, halaber, langile ohiekin lan poltsa bat sortuko dutela datozen bost urteetarako.
Sindikatuek bihar eramango diete langileen emaitza administratzaile konkurtsalari eta Lucart taldeari, haiek ere sinatzeko. Akordio horrek bost urteko iraunaldia izango du, eta tarte horretan Lucarten esku gerartuko dira CELen planta produktibo guztiak: Gueñesen eta Zallan ditu planta bana (Bizkaia), eta Artziniegan bi (Araba). Itxita dago paper fabrika, eta apurka-apurka jarriko dute martxan, dosier bat onartuta.