CELeko langileak, «pozik baina zuhur» balizko lau inbertitzaileren bisitekin

Bi inbertitzaile posiblek bisitatu zuten CEL atzo. Langileek protesta egin dute Aste Nagusian, eta babes handiagoa eskatu diete erakundeei

Buruhandien desfilea, Bilboko Areatzatik igarotzen. Bidean, CELen aldeko kartel bat. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2017ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Itxaropentsu, baina zuhur. Sentimendu kontrajarri horiek dituzte orain CEL taldeko langileek. Atzo, balizko bi inbertitzaile lantegiak bisitatzen aritu ziren, eta langileek gustura hartu dute hori: «Pozik gaude, lau enpresak interesa agertzea beti delako positiboa, baina inork ez du orain arte eskaintzarik egin, eta bitartean zuhur jokatu behar dugu». Asier Prado langile batzordeko presidenteak egin zituen adierazpen horiek, atzo, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza parean. «Erakundeek auzia bideratzeko lan egin dezatela» eskatu zieten protesta horretan.

Balizko lau inbertitzaile horien albistea positiboa bada ere, hain justu erakundeek gehiago egin dezatela eskatu zuten CEL taldeko langileek. «Lanean ari direla diote, eta espero dugu horrela izango dela, baina gaur-gaurkoz ez dago eskaintza irmorik». CEL taldeko zuzendaritzak aurkeztutako lana erregulatzeko espedientearen aurka lerratzeko ere eskatu zieten erakundeei: «Zentzugabekeria da, enpresa oraindik bideragarria baita». Auzia konpondu artean protestan jarraituko dutela aurreratu zuen.

Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzan ordubeteko kontzentrazioa egin ostean, Areatzara jaitsi ziren CEL taldeko langileak. Jaigunearen erdian kartelak, eranskailuak eta informazioa banatzen aritu ziren. Jendea ere inguratu zitzaien haien egoeraren berri galdetzeko eta animoak emateko. «Alde horretatik, jendearen babesa jaso dugula esan daiteke». Bilboko Areatzan jarrita dauden txosnetako aldarrikapen mezuei beste bat gehitu zaie horrela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.