Cidetecek puntako eraikina inauguratu du Donostian, baterietarako teknologia berritzaileenetan aritzeko

Baterien ekoizpenaren, erabileraren eta birziklapenaren balio kate osoan ikerketa eta garapena sustatzea du helburu Eskuzaitzetako zentroak. Orotara, 25 milioi euroko inbertsioa egin dute.

Cidetec zentro teknologikoaren Eskuzaitzetako eraikin berriaren inaugurazioa, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Cidetec zentro teknologikoaren Eskuzaitzetako eraikin berriaren inaugurazioa, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Irune Lasa.
Donostia
2026ko maiatzaren 13a
16:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Cidetec Energy Storagek automobilgintzako eta energia biltegiratzeko sistemen arloko bezeroen eskari gero eta handiagoari erantzun nahi dio, eta, horretarako, baterien inguruko ikerketa eta garapena sustatu, eta testak egiteko puntako teknologia erabili gura du. Xede horrekin, eraikin berri bat altxatu, eta gaur inauguratu du, Mubil poloan, Donostiako Eskuzaitzeta eremuan. Fundazioak inbertsio garrantzitsua egin du bertan, hemezortzi milioi eurokoa, Gipuzkoako Aldundiaren laguntzaz; aldundiak proiektuaren %40 finantzatu du.

Cidetecen garapen eta zerbitzu teknologikoak erosten dituzten bezeroen artean, aipagarriak dira Europako automobilgintzako konpainia nagusiak eta haientzako jatorrizko piezak egiten dituzten ekoizleak. Baita Europan eraikitzen ari diren bateria fabrika handiak ere, tartean Sagunten (Valentzia, Herrialde Katalanak) laster martxan jarriko duten Volkswagenen gigafaktoria.

Cidetecen bezeroak dira, halaber, energia berriztagarrietarako bateria sistema finko handien ekoizle eta instalatzaileak, hala nola Repsol eta Iberdrola.

Bakarra Europan

7.000 metro koadrotan ezarri dituzte puntako teknologia horiek: material eta kimika desberdinak probatzeko laborategiak —litio-ioi, sodio-ioi, litio-sufre, egoera solidoa—; informazio guztia digitalizatzeko eta simulatzeko sistemak; baterien zati guztiak aztertzeko eta frogatzeko instalazioak; 500 metro koadroko laborategi lehorrak; eta baterien portaera bera saiatzeko tentsio laborategiak eta puntako makinak.

Guztira, Cidetecek Mubilen duen bateriak saiatzeko laborategia gehituta, 25 milioi euroko inbertsioa egin da orotara ia 10.000 metro koadro hartzen dituen azpiegituran.

«Halako bakarra da Europan», azpimarratu du Javier Rodriguez Cideteceko zuzendari nagusiak. «Eta, gainera, bateriaren balio kate osoan egin dezakegu ikerketa eta garapena». Rodriguezek Cidetecen 30 urteko ibilbidea laburbildu du hitza hartu duenean, eta kontatu du fundazioan garatzen diren teknologiak ez direla laborategian geratzen: «Egunero ikusten ditugun autobusetan dabiltza, edo dagoeneko errealitatea diren ibilgailu elektrikoak bultzatzen dituzte; eta espazioan hegan ere ari dira».

Inaugurazioan izan da Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburua, eta ikerketan zein garapenean egindako apustuak industriara eramatearen garrantzia nabarmendu du, eta nola zentro teknologikoek berrikuntzaren eta industriaren arteko tarte hori murrizten duten.

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak ere lankidetzaren onurak goraipatu ditu. «Hau guztia ez da kasualitatea; bisio konpartitu bat egon da, jende askoren ahalegin handia, eta lankidetza».

cidetec-en 'spin-off'-ak

Azken bi urteetan Cidetecen lau spin-off sortu dira, garapenak aplikazio errealetara eramateko apustua eginda: Cidecellek nitxoko bateria zelulak egiten ditu, oso espezializatuak, bezeroen neurrira egindako ekoizpen txikien bidez. OBS, Maier kooperatibarekin batera, baterien ingeniaritzan aritzen da, batez ere baterien kudeaketa sistema elektronikoetan. Lanzo Batteries spin-off-a espazioaren alorrerako baterien garapenean eta ekoizpenean aritzen da. Eta Kudebatt, baterien birziklapenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA