Hazten jarraitzen du Cie Automotivek. Mexikoko bi enpresa erosi zituen ekainean, eta gaur jakinarazi du Italiako Somaschinirekin ere beste hainbeste egingo duela. Aurreikusi dutenez, 79,6 milioi euroren truke eskuratuko du engranaje enpresa hori Bizkaiko konpainiak; 2020an itxi asmo dute operazioa, eta oraindik gorabeheraren bat izan dezake prezioak. Somaschinik 300 langile ditu gaur egun, eta 70 milioi euroren salmentak izan zituen iaz. Hiru planta dituzte: bi Bergamon (Italia), eta beste bat Indianan (AEBak).
Cie Automotiveko kontseilari ordezkari Jesus Maria Herrerak azaldu duenez, Indian daukaten engranajeetarako saila kontuan hartuta, engranaje sistemen arloan puntan egoteko aukera emango dio konpainiari Italiako enpresa erosi izanak. Gainera, Herrerak nabarmendu du presentzia handiagoa izango dutela Europan, AEBetan eta Asian, eta dibertsifikaziorako aukera ere emango diela horrek.
Ipar Amerikakoa oso merkatu garrantzitzua da Bizkaiko multinazionalarentzat —iaz, salmenten %25 egin zituen han—, baina taldea batez ere Indiara begira dagoela jakinarazi zuen maiatzaren amaieran Anton Pradera presidenteak. Aurten, Aurangabad Electricals enpresa indiarra bere egin zuen.
Cie Automotive 1996an sortu zen, INSSEC inbertsore taldea Egaña S.A. Zaldibarko enpresaren akziodun nagusia bilakatu zenean. Corporacion Industrial Egaña (CIE) bilakatutakoak handira jokatu zuen hasieratik, eta 1997an hasi zen enpresa berriak erosten. Bost urteren buruan, jada 11 enpresak eta 2.000 langilek osatzen zuten taldea, eta beste urrats handi bat egin zuen 2002an, Aforasarekin bat eginda. Bat egitearen ondoren hartu zuen Cie Automotive izena, eta hazkuntza erritmoari eutsi zion: 23 urteko historian 70 enpresa erosi ditu, eta gaur egun 30.000 langiletik gorako konpainia bat da. Ozeania ez beste kontinenteetan ditu fabrikak.
Urte amaieran, ordea, Elgetako (Gipuzkoa) CIE Alurecy fabrika ixtekoak dira, haren bezero bakarra ere itxi egingo dutelako. Hango langileek gertuko lantegietan lekua egiteko eskatu zioten CIEri.