CIE Orbelan enpresako langileek greba mugagabea hasi dute

Langileak azaroan hasi ziren enpresarekin negoziatzen, lan baldintza hobeak lortzeko. Soldatak igotzeko, lanaldia murrizteko, gauetako lanaldien gehigarria igotzeko, eta lan poltsako orduak gutxitzeko eskatzen dute.

CIE Orbelaneko langileak greba mugagabearen lehen egunean, Andoainen. ELA
CIE Orbelaneko langileak greba mugagabearen lehen egunean, Andoainen. ELA
asier gonzalez de san pedro
2024ko apirilaren 22a
16:15
Entzun

CIE Orbelan Plasticos enpresako langileek greba mugagabea hasi dute gaur Andoaingo eta Anoetako lantegietan (Gipuzkoa). 155 langile ditu enpresak, eta, ELAren arabera, tailerrean %100eko erantzuna izan du lanuzteak; bulegoetan, aldiz, lan egin dute.

Langileak azaroan hasi ziren enpresarekin negoziatzen, lan baldintzak hobetzeko, baina egoera «blokeatuta» dagoela salatu dute, eta enpresak ez duela jarrera aldatu azken proposamena egin zuenetik. Eskaintza horrek ez zituen langileen eskaerak jasotzen. Soldatak igotzeko, lanaldia murrizteko, gauetako lanaldien gehigarria igotzeko, eta lan poltsako orduak 90etik 70era jaisteko eskatu dute, besteak beste. Enpresak lan poltsarekin duen alde bakarreko erabilera ere mugatu nahi dute.

Langileen %65 inguru emakumeak dira, baina haien lan baldintzak gizonenak baino okerragoak direla ziurtatu du enpresa batzordeak. 2022an lau eguneko greba egin zuten lan baldintzak hobetzearen alde, eta borroka horretan emakumeek protagonismo handia izan zuten.

CIE Orbelango langileek manifestazioak egingo dituzte bihar 12:00etan eta 17:30ean Andoainen, lantegitik Goiko Plazara, eta «denen» babesa behar dutela azaldu dute.

Langile batzordea ELAko zazpi lagunek eta UGTko bik osatzen dute. ELAk hitzarmen kolektibo baten alde «irmo» borrokatuko direla esan du.

Autoentzako piezak

CIE Orbelanek autogintzako plastikozko piezak egiten ditu —beso euskarriak, hautsontziak, atzerako ispiliak...—, eta Bizkaiko CIE Automotive multinazionalaren parte da. CIE Automotivek 108 lantegi ditu hamasei herrialdeetan —Txinan, AEBetan, Errusian, Frantzian, Italian, India...—, eta horietatik hamasei daude Euskal Herrian: sei Bizkaian, bost Araban, lau Gipuzkoan eta bat Nafarroan.

CIE Automotive 2002an sortu zen, Corporacion Industrial Egaña eta Aforasa taldea (Patricio Echevarria izandakoa) batu zirenean. Erosketa asko egin ditu azken urteetan, eta, horien ondorioz, autoen osagai gehienen ekoizpenean aritzen da: errekuntza motorretarako orotariko piezak, karrozeriak, direkzio sistemak, plastikozko osagaiak, transmisioak, galgak...

Iaz inoiz baino etekin handiagoa eskuratu zuen enpresak, 320 milioi euro irabazi zituen, 2022an baino %6,7 gehiago. Salmentak %3,1 handitu zituen, 3.959 milioi euroraino, eta Europa (%36) eta Ipar Amerika (%31,1) izan zituen merkatu nagusiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.