CO2 kutsatzaile handiak are gehiago kutsatzen ari dira

Carbon Majors datu basearen arabera, Klima Aldaketaren Aurkako Parisko Akordioa izenpetu zenetik 57 enpresak egin dituzte CO2 isurien %80.

chevron
Chevron enpresaren petrolio findegi bat, Kalifornian. JOHN G. MABANGLO / EFE
Iker Aranburu.
2024ko apirilaren 4a
16:20
Entzun

Klima aldaketaren aurkako borroka herritar guztien lana dela dioten mezu publikoen kontra, kutsatzailerik handienak gutxi direla nabarmendu du gaur kaleratutako txosten batek. Carbon Majors datu basearen arabera, 2016. urteaz geroztik egin diren berotegi efektuko gasen emisioen %80k 57 enpresaren sinadura dute. Are gehiago, haietako gehienek handitu egin dituzte beren isuriak duela zortzi urte Parisko akordioa izenpetu zenetik.

Carbon Majors datu baseak erregistratu du 1854tik aurrera 122 industria handik zenbat gas kutsagarri bota dituzten atmosferara, eta azaldu du 1.421 gigatona CO2 isuri dituztela. Hau da, gizakien ondorioz isuritako CO2 guztiaren %72.. Hau da, gizakien ondorioz isuritako CO2 guztiaren %72.

Petrolio eta gas konpainiak, porlan egileak eta ikatz ekoizleak daude emisio handi horien egileen artean. Haiei egozten dizkiete emisioak, nahiz eta horiek ez izan azken kontsumoa egiten dutenak, baizik eta haien gasolina erabili duten gidariak edo haien porlana etxe bat egiteko baliatu duten eraikitzaileak.

Txostenak dio aldaketa bat gertatzen ari dela isurle handienen artean. Historikoki, hidrokarburoen enpresa pribatuak izan dira kutsatzaile nagusiak (%31), eta haien artean hiru aipatu ditu: AEBetako Chevron (%2,98) eta ExxonMobil (%2,79), eta Erresuma Batuko BP (%2,19). Hirurak hamar lehenen artean daude, eta haiekin batera dago Shell ere (bederatzigarren, %2,06). Frantziako Total Energies hemeretzigarrena da (%0,9), eta Espainiako Repsol, berriz, 50.a (%0,23).  

Baina azken urteetan haien pisu erlatiboa txikitu egin da erregai fosilen munduan, estatuek kontrolatutako enpresen mesedetan (%33). Azken horien artean hiru nabarmendu dira: Saudi Arabiako Aramco (hirugarrena, emisioen %3,63rekin), Errusiako Gazprom  (%2,31), eta Irango Petrolio Konpainia Nazionala (%2,22).

Horiez gain, beste talde bat bereizi du Carbon Majorsek: ikatz eta zementu ekoizpena beren kontrolpean egin duten edo egin izan duten estatuak. Haien artean nabarmentzen dira Txina —lehen postuan legoke, CO2 isurketen %14rekin— eta Sobietar Batasuna zena —bigarrena, %,6,82rekin—.

Promesak eta datuak

Azken urteetan, enpresa horietako batzuek egin dituzte ahaleginak beren negozioak dibertsifikatzeko eta erregai fosilekiko erabateko menpekotasuna uzteko. Mendebaldeko petrolio konpainia nagusiek agindu dute urte batzuk barru karbonoan neutroak izango direla — emititu bezainbat xurgatuko duela bere jarduerak—, eta horretarako txikitu egingo dituztela beren petrolio eta gas ekoizpenak, eta energia berriztagarrietan inbertituko dutela.

Baina, hala ere, txostenak erakusten du 2015ean Klima Aldaketaren Aurkako Parisko Akordioa sinatu zenetik 122 kutsatzailerik handienen zerrendako gehienek CO2 emisioak handitu zituztela; zehazki, enpresa pribatuen %55ek eta enpresa publikoen %65ek. Are gehiago, 2016 eta 2022 bitartean munduan egindako emisioen %80 zerrendako 57 enpresa publikori eta pribaturi leporatu dakizkieke.

Azken urteetan Asiarantz egin du bira munduko ekonomiak, eta hori ikusten da emisioetan ere: zerrendan dauden Asiako hamabost enpresetatik hamahiruk handitu dituzte emisioak, eta kopurua oso handia da Ekialde Hurbilekoetan (hamarretik zazpik) eta Europakoetan ere (%57). Ipar Amerika da salbuespena, han erdiek baino gutxiagok (%43) handitu baitituzte emisioak.

«Enpresek milioiak gastatzen dituzten esateko irtenbide jasangarri baten parte direla, baina, bitartean, gehiago inbertitzen dute erregai fosilak ustiatzeko».TZEPORAH BERMAN Erregai Fosilak Ez Hedatzeko Ituneko burua

Klimaren aldeko erakunde batzuek txostenaren emaitzak baliatu dituzte konpainia handien jarrera salatzeko. «Carbon Majorsen ikerketak zehazki erakusten digu nor den bero hilgarriaren, muturreko eguraldiaren eta airearen kutsaduraren erantzule. [...] Konpainia horiek milaka milioi dolarren irabaziak lortu dituzte, eta, aldi berean, arazoa ukatzen dute, eta klimaren aldeko politikak trabatzen dituzte. Miloiak gastatzen dituzte esateko irtenbide jasangarri baten parte direla, baina, bitartean, gehiago inbertitzen dute erregai fosilak ustiatzeko», ziurtatu du Tzeporah Berman Erregai Fosilak Ez Hedatzeko Ituneko buruak, eta gobernuei eskatu die konpainia horiei aurre egiteko.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.