«Uste dugu 2010eko bigarren seihilekoan EAEko ekonomia atzeralditik aterako dela, eta urtea %0,2ko hazkundearekin bukatuko dela. Hala ere, 15.000 lanpostu gehiago galduko dira». Miguel Lazpiur Confebaskeko presidenteak atzo aurkeztu zuen euskal enpresarien patronalak urtero egiten duen Egitura Ekonomikoaren Txostena, Confebasken Bilboko egoitzan. Beraz, 2010ean ekonomia berreskuratzen hasiko da, baina ez lanpostu berriak sortzen hasteko lain. Horretarako, oraindik beste urtebete itxaron beharko da gutxienez.
Espainia da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresa gehienen bezero nagusia, eta Espainiaren egoerak atzeratu egingo du EAEko ekonomiaren suspertzea. Aurreikuspenen arabera, Espainia izango baita hazkunde negatiboa izango duen ekonomia aurreratu bakanetakoa.«Europako ekonomia indartsuenak baino beranduago aterako gara krisitik», onartu zuen Jose Guillermo Zubiak, Confebaskeko idazkari nagusiak.
Hala ere, Confebaskek espero du EAEko enpresek baliatu egingo dutela jada atzeraldia gainditu duten herrialdeen bultzada, Alemaniarena eta Frantziarena, esaterako. Bezero garrantzitsuak baitira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresa nagusienentzat.
2009. urtea txarra izan da. Oso txarra. «II. Mundu Gerratik nazioarteko ekonomiak bizi izan duen urte txarrena izan da, 30eko hamarkadatik jazo den atzeraldi handienarekin», Guillermo Zubiaren esanetan.
Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagokienez, Confebaskeko idazkari nagusiak adierazi zuen hazkunde negatiboa %3,4koa izango dela, eta euren lanpostua galdu duten pertsonen kopurua 40.000 ingurura iritsiko dela. Horren ondorioz, langabezia tasa %9 ingurukoa izango da, 2003tik izandako altuena.
Datuek erakusten dute krisia eragile ekonomikoek aurreikusitakoa baino gordinagoa dela, eta etorkizuna aurreikusteko zailtasunak dituztela. Izan ere, aurtengo emaitzek nabarmen gainditzen dituzte Confebaskek berak iaz aurreikusitako zifra ezkorrak: 2008ko abenduan zabaldutako txostenak iragartzen zuen ekonomia %0,6 haziko zela, eta suntsitutako lanpostuak 10.000 izango zirela.
Confebasken balorazioak eta aurreikuspenak bat datoz beste eragile ekonomiko batzuek egindakoekin. Herenegun bertan Araba, Bilbo eta Gipuzkoako merkataritza ganberek egindakoarekin, esaterako: Euskal Ganberen arabera, aurten EAEko BPGa %3 uzkurtuko da, atzeraldiaren amaiera 2010eko bigarren erdian hasiko da eta langabeziak hazten jarraituko du, %10eko tasara arte.
2010erako etxeko lanak
Datuez gain, Confebaskek hainbat gomendio egin zituen krisitik azkarrago atera ahal izateko. Enpresei kostuak zaintzeko eskatu zieten: gastuak aurrezteko planen bidez, produktibitatea hobetuz eta «soldaten kostuak enpresa bakoitzaren egoera errealarekin bat eginez».
Confebasken iritziz, oraindik goizegi da administrazio publikoek enpresei finantzaketan eta likidezian laguntzeko neurriak bertan behera uzteko. Horiei eusteko eskatu diete.
Langileei eta sindikatuei, berriz, «jarrera malguagoa eta zabalagoa» eskatu diete, «enpresen bideragarritasuna arriskuan jartzen duten jarrerak» saihestuz.
Confebaskek 15.000 langabe gehiago iragarri ditu 2010erako EAEn
Patronalaren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia atzeralditik aterako da 2010ean, %0,2ko hazkundearekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu