Confebaskek «herri mailako itun handi bat» eskatu du

Patronalak aurreikuspen ezkorrak egin ditu datozen hilabeteetarako. Administrazioen zorpetze politikak defendatu ditu, eta «gobernu indartsuen» beharra. Gizarte eragileei eskatu die bide berean arraun egiteko, ondorioak «traumatikoagoak» izan ez daitezen.

Eduardo Zubiaurre Cofebask patronaleko presidentea. LUIS JAUREGIALTZO (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko uztailaren 23a
13:29
Entzun

Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidenteak «herri mailako itun handi bat» eskatu du, «1983. urteko uholdeetakoa bezalakoa». Araba, Bizkai eta Gipuzkoako patronalaren buruak uste du datozen hilabeteetan gastu publikoaren politikek eta zorpetze politikek izan beharko luketela administrazioaren lehentasunak, enpresak eta enplegua salbatzeko eta egungo ehun ekonomikoa eraldatzeko, datozen aldaketara hobeto egokitu eta lehiakorragoa izan dadin.

Zubiaurreren hitzetan, funts horiek erabili behar dira inbertsio eraldatzaileak egiteko, enpresa estrategikoak errotzeko, bereziki zigortutako enpresak eta sektoreak laguntzeko eta tokiko eskaria aktibatzeko. Horrekin batera, «lehiakortasunerako, ekintzailetzarako eta enpresen hazkunderako dauden oztopoak» kentzeko eskatu du.

Uste du hiru lurraldeetako eta autonomia erkidegoko finantza publikoak ondo daudela «ezohiko zorpetze» bati aurre egiteko. Dena den, azpimarratu du maila politikoan ezinbestekoa izango dela egonkortasun instituzionala erdiestea, «gobernu indartsuen» bidez.

Confebaskeko Kontseilu Nagusiaren ostean emandako prentsaurreko batean egin ditu adierazpenok Zubiaurrek. Jokaleku beltza aurreikusi du datozen hilabeteetarako. Azaldu du hiru lurraldeen BPGa %9 inguru jaitsiko dela, eta langabezia tasa %15 ingurukoa izango dela urte amaierarako: 45.000 lanpostu galduko direla.

Gogoratu du patronalak ekaineko azken astetik uztaileko lehen astera bitartean egindako inkestaren arabera enpresen %90ek atzeraldian edo geldirik ikusten dutela merkatua, eta hamarretik seik uste dutela datozen sei hilabeteetan berdin jarraituko duela.

Egoera horren aurrean, Zubiaurrek uste du herri mailako itun handi batek lagundu egingo lukeela ekonomia suspertzeko giro aproposa sortzen. Gizarte eragileen arteko akordioen garrantzia azpimarratu du, enpresen bideragarritasuna bermatzeko eta enpresek «neurri traumatikoagoak» hartu behar ez izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.