Enpresa

Confebaskek «begirada fiskal berria» eskatu du, lehiakortasunaren mesedetan

Enpresarien elkarteak «enpresa eta pertsona zergadun gehiago» egotea sustatuko duten neurriak eskatu ditu; hori bai, ez du zehaztasunik eman.

Isabel Busto Confebaskeko aurreko presidentea eta Tamara Yague kargudun berria elkarri bostekoa ematen. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko uztailaren 19a
13:58
Entzun

Zerga sistemaren erreforma izan daiteke udazken eta negu parteko korapilo politiko handietako bat Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Foru aldundietako hauteskundeak igarota, jokaleku politikoa argiago dago, eta fiskalitatearen auzian murgildu daitezke erakundeak eta elkarteak. Hipotesi horri begira, Confebaskek eskumen fiskalak «enpresa lehiakortasuna eta Euskadiren erakargarritasuna indartzeko baliatzeko» eskatu du publikoki. Enpresari elkarte horrek ez du neurri zehatzik eman, baina azaldu du prest izango dituela eskatzen dizkiotenerako.

Confebaskek udako Kontseilu Nagusia egun du Bilbon, eta bertan berretsi da Tamara Yague izango dela presidentea hurrengo lau urteetan. Tecuni enpresako zuzendari nagusiak Isabel Bustoren lekukoa hartu du, eta lehen agerraldi publikoa egin du karguan. Bertan, azaldu du ekonomia «espero baino hobeto» doala, baina egoera ez dagoela inondik ere egonkortzear, eta motelaldia espero dela udazkenerako. Halaber, nabarmendu du hamar enpresatik zortzik ez dutela aurreikusten lanpostuak gutxitzerik.

Agerraldiaren zatirik mamitsuena «erronkei» buruzkoa izan da. Erakundeei «begirada fiskal berri bat» eskatu die Yaguek: «Ez dut esan nahi gutxiago eman, baizik eta hobeto eman. Hazkunde ekonomikora eta aberastasunaren sorrerara bideraturik». Helburua litzateke enpresa eta pertsona gehiagok zergak ordaintzea. Ez du neurri zehatzik eman, baina iragarri du «agiri bat» prestatzen ari direla ogasunek eskatzen dietenerako. Era berean, nabarmendu du enpresek «irabazi legitimoak» lortzen dituztela, eta haiek «gizarte dibidendua» sortzen dutela enpleguaren, inbertsioaren, garapenaren eta zergen bitartez. Halaber, salatu dute egun aurkako norabidean doala «diskurtso politikoaren zati handi bat».

Beste erronka handia demografikoa da, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dagoen langile gabezia. Berriz ere esan du hamarkada bat barru 140.000 pertsona beharko direla hutsuneak betetzeko, eta «lan egiteko pertsonak» erakartzeko estrategia bat eskatu du. Halaber, kritikatu du deskonexio handia dagoela gazteen nahien eta enpresen beharren artean: «Lanbide Heziketan izen emanda dauden gazteen %25ek eta unibertsitatean dihardutenen %55ek enpresen beharretatik urrun dauden graduak aukeratzen dituzte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.