Confebaskek «moteltzea» aurreikusi du lehen hiruhilekoan, baina 2020an ekonomia hazi egingo dela dio

COVID-19aren ondorioak «egun gutxi barru» iritsiko dira euskal enpresetara. Eusko Jaurlaritza zenbait neurri prestatzen ari da konpainiak laguntzeko. Europako gobernu nagusiek plan bereziak iragarri dituzte

Bilboko portura iristen dira Txinako ugari. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
xabier martin
2020ko martxoaren 10a
11:54
Entzun

«Jarduera moteltzea, eta ez atzeraldia, batik bat lehen hiruhilekoan». Horixe da Confebaskek aurreikuspena COVID-19ak eragin duen krisiaren harira. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia «urte bukaeran aurreikusitako bidean joango da gutxi gorabehera, agian %1,9ko hazkunde aurreikuspenetik hamarren bat kenduz, baina enplegua sortzeko hazkunde nahikoari eutsita». Hala esan du Eduardi Zubiaurre Confebaskeko presidenteak gaur. Onartu du «zaila» dela agertoki berriak aurreratzea, «krisi hau ezustean lehertu delako eta indarrez». Arazorik garrantzitsuena, orain, osagaien gabezia da» industriaren hainbat jarduerarentzat, Zubiaurrek dioenez. «Dagoeneko eragina izaten ari da autogintzan, garraioan, aeronautikan eta turismoan«.

Izan ere, osasun arazo larriaren ondotik iritsi zen Txinara arazo ekonomiko larria, urte hasieran, eta modu berean iritsiko da Euskal Herrira ez ezik euroguneko beste herrialde askotara ere, egunotan. Eusko Jaurlaritzak atzo plazaratu zuen aspaldian aurreikusi zuena: euskal enpresek ezingo dituztela saihestu koronabirusaren ondorio ekonomikoak.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburuak zehaztu zuen «gehienez bi edo hiru aste barru» hasiko direla nozitzen enpresak Txinaren osagaien gabezia. «Hornidura hori nola ordezkatu aztertu behar dugu, eta beti ez da posible izango; hain zuzen, balio katearen beheko partean zeudelako eraman baitziren Txinara ekoizpen horiek. Oso zaila izango da horrelako osagaiak ordezkatzea».

Ekonomia globalizatuaren letra txikiaren zati bat baizik ez da Tapiak atzo hain argi adierazi zuena. Osagai merkeen munduko fabrikarik handiena gaixotu egin da, eta sukarrak gora egin du ondasun garestien Europako lantegietan. Kontua da ekonomia atzeraldira eramateko gai izan daitekeen arazo larria ate joka dagoela, eta horri nola aurre egin aztertzen hasi dira Europako erakunde ekonomikoak eta gobernuak.

Tapia sailburuak «benetako datuak» eskuan izanik hitz egin nahi du, eta Lan, Enplegu, Ogasun eta Ekonomia Garapeneko sailak bilera batera deitu ditu gaurko; EAEko patronalak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako merkataritza ganberak ere izango dira batzarrean, baita sindikatuak ere. ELAk eta LABek ordezkaritza izango dute «arazoa lurrera ekarri» nahiko duen bilera horretan.

Bada bereziki kezka eragiten ari den aldagai bat sindikatuen artean. Enplegu erregulazioak zabaltzen hasiko ote dira ekoizpen kateak gelditzen badira? Ezin da baztertu, Tapia sailburuak berak onartu zuenez. «Ez dugu enplegu erregulazio zehatzen berri oraindik, baina horrek ez du esan nahi iritsi ezin direnik. Agian, bihar [gaur] patronalek zerbait esango digute horren inguruan». Ekonomia Garapeneko sailburuak esplikatu zuen urte berriarekin gelditu zela ekoizpen katea Txinan, eta ez dela berriro martxan jarri ordutik. «Itsasoz sei-zortzi asteren buruan iristen badira piezak gure enpresetara, gabezia horren eragina laster nabaritzen hasiko dela aurreikus dezakegu, agian pare bat aste barru». ELAk eta LABek esan dute balizko erregulazioen inguruan hitz egin nahi dutela gaurko bileran, eta osasun prebentzioaren inguruan ere bai.

Zalantzak hazkundearekin

Nazioarteko erakunde ekonomiko eta gobernu guztiek badakite jadanik COVID-19ak 2020ko hazkunde aurreikuspenak aldatzera behartuko dituela gobernuak. Bizkaiko Cebek patronalak ere uste du %1,8-1,9ko hazkunde aurreikuspena ez dela beteko, birusaren auzia tarteko. «Enpresen lehen arazoa da oraintxe», esan zuen atzo Iñaki Garcinuño presidenteak; «oraingoz ez da gertatu enpresaren batean kutsaturen bat egotea, baina zain egon behar dugu eboluzioa zein den jakiteko». Edonola ere, patronalak badaki «enpresen jarduerari, industria ekoizpenari eta bilketari» eragingo diola egoera berriak, «inolako zalantzarik gabe»; «zenbat eragingo dion da galdera».

Europako motorrak, Alemaniak, iragarri du prest dagoela bere enpresak laguntzeko. Lanaldia murriztea beharrezkoa den kasuetan —osagaien gabeziarengatik—, konpentsazioak jarriko ditu martxan. Enplegu Bulego Federalak bere gain hartuko du lanaldia murrizteko derrigortasuna duten langileen soldata garbiaren %60. Gutxienez lantaldearen %10 lanaldia murriztuta daukaten enpresek eskatu ahal izango dute laguntza hori.

Espainiako Gobernuak ere plan berezi bat iragarri du, eta datozen egunetan jakinaraziko ditu neurri zehatzak. Ekonomian «kalteak» izango direla onartu du Pedro Sanchez presidenteak, baina «epemugarekin». Alegia, urtearen bigarren erdian koronabirusa gainditu daitekeelakoan dago, NDF, EBZ eta Europako Batzordea bezala, eta horrekin batera susperraldia irits daitekeelakoan. Osasun arazoak zenbat iraun, halakoxe gaitasuna izango baitu birusak ekonomiari kalte egiteko. Laster ikusiko da uste hori baikorregia den edo ez.

Frantziak koordinazioa eskatu dio Europari pizgarriak martxan jartzeko. Bruno Le Maire Finantza ministroak « ekonomia gelditzea eragotziko duen pizgarrien plan masibo bat» proposatu du. Bitartean, abantaila fiskalak eskainiko dizkie Frantziako enpresei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.