Txina

Dardarizoa etxe handian

Porrot egiteko arrisku bizian dago Evergrande, Txinako higiezin enpresa handienetan bigarrena. Haren erorikoak domino efektu bat eragiteko aukerak kezka handia sortu du

Gizonezko bat Evergranderen Shanghaiko bulegoen aurrean. ALEX PLAVEVSKI / EFE
Iker Aranburu.
2021eko irailaren 21a
19:18
Entzun

Handiak izan ohi dira gauzak Txinan, eta izenean bertan darama handitasuna Evergrandek, Txinako higiezinen merkatuko enpresa handienetan bigarrenak. Eta, noski, handia da Evergranderen balizko porrota finantza merkatuetan sortzen ari den kezka. Txinako burtsak lehenik eta mundu osokoak gero jaisten ari dira, Evergrande hondoratuko balitz Txinako higiezinen merkatuan porroten domino bat eragin dezakeelako. Eta ez da bakarrik etxegintzari buruzko kezka: etxegilea erortzen bada, hari dirua utzi zioten bankuak eta inbertitzaileak erori daitezkeela uste dute analista askok, eta Txinaren ekonomiak berak dardarizo handia izan dezakeela.

Hona hemen auziaren zenbait gako:

Zer da Evergrande?

Eraikuntza enpresa bat da, 1996an sortutakoa, Hengda Group izenarekin. Xu Jinyinek sortu zuen, Guangzhou hirian, baina egoitza nagusia handik gertu du, Shenzenen. Gaur egun 200.000 langile ditu, baina zeharka 3,8 milioi enplegu eragiten ditu. 280 hiritan 780 etxe proiektu ditu, gehientsuenak apartamentuak klase ertaineko herritarrentzat. Azken urteetan beste sektore batzuetara hedatu da, hala nola elikagaietara, autoetara, jolas parkeetara eta bizi aseguruetara. Futbol talde bat ere badu, Guangzhou FC —Txinako zortzi liga irabazi ditu, azkena 2019an, eta bi aldiz Asiako txapeldunen liga—.

Zer gertatzen zaio?

Zorrak pilatuta finantzatu du Evergrandek bere hedatze bizkorra, eta 2015erako munduko higiezin konpainiarik zorpetuena zen. Gaur egun, Evergrandek 260.000 milioi euroren zorra dauka bankuekin, beste finantzaileekin eta hornitzaileekin, Euskal Herriko BPGaren halako bi eta erdi, eta Txinakoaren %2.

2020. urtera arte gai izan zen bere zorrak ordaintzeko, etxebizitzen merkatua gorantz zihoalako, eta apartamentuen salmentetatik lortutako diruarekin ordain zitzakeelako zorrak eta eraikitzen zituen beste etxeak. Baina azken urte erdian zailtasunetan dabil, neurri handi batean Txinako Gobernua etxebizitzen merkatua hoztu nahian dabilelako, zorra txikitu eta prezioen igoera eteteko. Etxebizitzak erosteko maileguak lortzeko baldintzak gogortzen ari da banku publikoen bidez, jada 4,8 bilioi euro zor dituztelako. Baina are gehiago itxi nahi die finantzaketa errazaren iturria eraikuntza sektoreko enpresei, 4,4 bilioi euroren zorra txikitu dezaten.

Zer egin du Evergrandek krisiari izkin egiteko?

2023. urterako zorra erdira txikitzeko plana jarri zuen indarrean, eta negozioaren adar batzuk saltzen aritu da. Baina neurri horiek ez dira nahikoak izan. Haren zorraren bonuek balioa galtzen jarraitu dute, burtsan %90 erori da, eta gurpil zoro batean harrapatuta dago: ez du diru freskorik bere etxebizitzak bukatzeko, eta ezin dituenez saldu, kutxak hustuta ditu. Ostegunean amaituko zaio epea71,6 milioi euroren zorrak eta haien interesak ordaintzeko epea, eta beste 47,5 milioi kitatu behar ditu datorren astean. Jada iragarri du ez duela likideziarik eta ezingo duela ordaindu. Arazoak okerrera baizik ez du egingo, urtea amaitu arte 600 milioi pagatu behar dituelako, Bloomberg-ek bildutako datuen arabera.

Zer ondorio izan dezake porrotak?

Beldur nagusia da Evergrande izatea Txinaren Lehman Brothers. 2008an, AEBetako Gobernuak ez zuen Lehman Brothers banku ustela erreskatatu nahi izan, eta horrek atea zabaldu zion Atzeraldi Handiari: finantza sektore osoari buruzko kezka bizkor hedatu zenez, maileguen fluxua eten egin zen, eta horren ondorioz, finantza krisi gisa hasitakoa krisi ekonomiko orokor bat bilakatu zen, batez ere Mendebaldeko herrialdeetan. Krisi horren oinarrietako bat izan zen AEBetako etxebizitza merkatuaren burbuila, eta ezaugarri hori zuen beste leku batzuetan ere, hala nola Euskal Herrian, Espainian eta Irlandan. Txinan ere badute arazo hori.

Eraikuntza Txinako hazkunde ekonomiko ikusgarriaren motorretako bat izan da azken urteetan. Azpiegitura proiektu handiak egin ditu gobernuak, eta biztanleriaren zati handi batek landa eremuetatik hirietarako bidea hartu du. Ofizialki, eraikuntzak Txinako BPGaren %12,3 ematen badu ere, zentzu zabalean %29ra ere iristen da haren pisua.

Eskari handiaren ondorioz, prezioak neurrigabe igo dira hiri nagusietan —azken bost urteetan %50etik gora—, eta burbuila lehertzear dagoela iragarri dute askotan analistek. Ez da halakorik gertatu, baina Pekingo agintariek badakite arazo bat dagoela, espekulazioa asko handitu dela, eta burbuila lehertu aurretik ari dira airea kendu nahian. Horretarako bidea izan da kredituetarako sarbidea mugatzea, eta badirudi neurria; izan ere, abuztuan 30 hiri handienetan iaz baino %24 etxe gutxiago saldu ziren, eta prezioek igotzeari utzi diote. Arrakasta horrek badu, ordea, arrisku bat: merkatuaren etengabeko hazkundea behar dutenak hondora ditzake, eta haien artean lehena, Evergrande.

Zer egingo du Pekinek?

Hori da gaur egungo galdera nagusia, eta erantzuna ez dago garbi. Pekinek Evergrande erortzen utziz gero, eraikuntza sektoreak ez ezik, hura finantzatu duten bankuek ere kolpe latza jasoko lukete. Ondorio sozial larrien beldur ere bada Pekin; Evergrandeko langileak kalean uzteaz gain, haiek egindako etxebizitza baten zain dauden milaka herritarrak haserre ditzake, baina baita azkenaldian Evergranderen zor bonuak erosi dituzten milaka herritarrak ere. Horregatik guztiagatik, uste zabaldua da gobernuak zerbait egingo duela, eta Evergrande berregituratzeko edo modu ordenatu batean likidatzeko tresnak jarriko dituela.

Zer ondorio Euskal Herrian?

Euskal Herriarentzat eta Europarentzat arriskutsua izango litzateke krisia Txinako ekonomia osora igarotzea, haren eskaria baita munduko ekonomiaren motorretako bat, eta hura delako munduko esportatzaile nagusia ere. Krisia Txinako eraikuntza sektorera mugatuz gero, berriz, eragin txikia izango luke, kanpoko diru gutxi baitago arlo horietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.