Inoiz baino lehenago heldu da mahatsa aurten. Bihartik aurrera hasiko dira Euskal Herriko zenbait upategi biltze lanetan, ohikoa baino hamabost egun inguru lehenago. Urtero moduan, Nafarroako Erriberako ekoizleak izango dira mahatsa biltzen lehenak, baina Nafarroako erdialdean, Arabako Errioxan eta gainontzeko mahastietan ere aurreratuta dabiltza beste urte batzuekin alderatuta. Lehorteak nabarmen aurreratu du mahatsa heltzeko prozesua.
Pablo Pavez Murchanteko (Nafarroa) Principe de Viana upategiko enologoak zehaztu du haiek asteartean hasiko direla mahatsa biltzen: «Inoiz izan dugun uztarik goiztiarrena da. Aurrekoa duela hiru urte izan zen, eta abuztuaren 14an hasi ginen biltzen. Urte arrunt batean abuztu amaieran hasten gara, nahiz eta jada arrunta dena ezohiko bihurtua den». Mahats zuria jasoko dute: chardonnay eta sauvignon blanc aldaerak; horiek dira goiztiarrenak.
«Inoiz izan dugun uztarik goiztiarrena da. Urte arrunt batean abuztu amaieran hasten gara, nahiz eta jada arrunta dena ezohiko bihurtua den»
PABLO PAVEZ Principe de Viana upategiko enologoa
Nafarroa erdialdean, aldiz, oraindik goiz da mahatsak jasotzeko, baina Lezaun upategiko mahastizain eta ardogile Raul Lezaunek esan du epeak 15-20 egun aurreratuta dituztela. Lizarraldean du upategia hark, Lakarren. «Mahatsaren kolore aldaketa uztail amaiera inguruan hasten da normalean, eta, aurten, uztailaren 10erako baziren jada mahats beltz batzuk», zehaztu du. Esan duenez, irail hasieran dira haiek mahats zuria biltzen hastekoak, normalean baino hiru aste lehenago.
Hain justu, data horretarako aurreikusten da hasiko direla Nafarroa hegoaldean lehen mahats beltzak jasotzen, irail hasieran. Mahats mota horrek hartzen du ekoizpenaren zatirik handiena, eta merlot eta tempranillo aldaerak izaten dira jasotzen lehenak. Zenbat eta iparralderago, orduan eta geroago jasoko dituzte mahats beltzak ere, eta, Nafarroa erdialdean, irailaren hirugarren astetik aurrera espero dute horiek biltzen hastea.

Nafarroatik kanpo ere uzta bilketa ohi baino lehenago iristekoa da. Arabako Errioxan, esaterako, iraileko lehen egunetarako aurreikusten dute mahats zuria biltzea, eta irail amaierarako mahats beltza. Gipuzkoan eta Bizkaian, txakolina egiteko erabiltzen diren hondarribi zuri eta hondarribi beltz barietateak ere irail erdialdean hasten dira biltzen. Baita Irulegiko arnoa egiteko erabiltzen diren mahatsak ere, Nafarroa Beherean: normalean irail erdialdean hasten dira mahats horiek jasotzen, eta urri erdialdera arte irauten du bilketak.
Kanpaina beroa
Ordura arte, litekeena da euria egitea oraindik, baina dagoeneko egin duen beroak nabarmen baldintzatu du aurtengo kanpaina, eta horregatik jasoko dira mahatsak inoiz baino lehenago. «Beroaren ondorioz, azkartu egiten da heltze prozesua, eta ardoari erreparatuta, ez da positiboa. Hobe da heltze prozesua askoz ere mantsoagoa izatea. Izan ere, beroaren eraginez, landareak ohi baino azukre gehiago sortzen du mahatsean, eta, aldi berean, heltze prozesu hori ez da azkartzen mahatsaren azalari eta haziari dagokionez. Nire ustez, heltze mota hori —heltze fenolikoa— faltan izango du aurtengo mahatsak. Baina horrela bildu behar dira, bestela azukre gehiegi hartzen dutelako eta ardoak alkohol gehiago izango lukeelako», esplikatu du Lezaunek.
Hitz gutxitan, fruituak ura behar du loditzeko, eta azken hilabeteetan ez du ia urik jaso. Hortaz, alea ohi baino txikiagoa da, eta zuku gutxiago aterako da horietatik. Hala azaldu du Pavezek: «Mahatsa kolorez aldatzeko prozesuan zegoenean, bero itzelak izan ziren, eta aleak txikiagoak dira horregatik. Hala ere, mahatsa ona da; kontzentrazio ona du. Negua euritsua izan zen orokorrean, eta mahastiek erreserbak bildu zituzten. Horregatik, landareak espero baino hobeto ari dira aurre egiten beroari. Hori da kalitate ona lortzeko gakoa: landareek ur faltagatik gehiegi ez sufritzea. Euri apur bat orain ez litzateke gaizki etorriko».
«Beroaren eraginez, landareak ohi baino azukre gehiago sortzen du mahatsean, eta heltze prozesu hori ez da azkartzen mahatsaren azalari eta haziari dagokionez»
RAUL LEZAUNÂ Lezaun upategiko enologoa
Ur faltak badu bere ifrentzua, baina baita bere aurkia ere. Hezetasunik ez bada ez da onddorik, eta, Lezaunen arabera, onddoak izaten dira mahastietako «arazo nagusia». Hain zuzen, iazko kanpainan eguraldia gorabeheratsua izan zen, eta mildiu onddoa garatzea eragin zuen horrek. Zenbait upategik galdutzat eman zuten beren uzta guztia, eta behera egin zuen ekoizpenak orokorrean. Hori bai, heldu zen mahatsa kalitate oso onekoa izan zen.
Aurten, aurreikusten da ekoizpenak gora egingo duela. Mahats gehiago bilduko da, eta, nahiz eta txikiagoak izango diren, argazki osoari erreparatuta, iaz baino zuku gehiago aterako da mahatsetatik Euskal Herrian. Hala ere, baliteke oraindik eguraldiak produkzioa baldintzatzea, batez ere azkena bilduko diren mahatsei dagokienez.

Horien artean daude txakolina egiteko baliatzen diren mahastiak, kostaldetik gertuago daudenak. Bizkaian, Gipuzkoan eta Aiaraldean daude mahasti horietako gehienak, eta Andrea Vargas, Aiako K5 txakolindegiko enologoa, nahiko baikor agertu da aurtengo kanpainari begira: «Aurreko urtearekin alderatuta, aurten askoz ere hobeto dago mahastia, mildiu onddo gutxiago dagoelako. Kantitate aldetik ere mahats ugari daude: mahastiak ondo kargatuta datoz». Espero du iaz baino zuku gehiago ateratzea aurtengo mahatsei, eta irailaren hirugarren asterako aurreikusi du bilketa.
«Oraindik ezin da jakin txakolinak zenbat alkohol gehiago izango duen, baina gehienez gradu bat gehiago izango du. Asko jota, 13 gradukoa izango da»
ANDREA VARGASÂ K5 txakolindegiko enologoa
Nabarmendu du beroaren eta ur faltaren ondorioz, aurtengo mahatsarekin egindako txakolinak alkohol gehiago izango duela ziurrenik, eta garraztasuna galduko duela hemendik aurrera ere bero egiten badu. «Oraindik ezin da jakin txakolinak zenbat alkohol gehiago izango duen, baina gehienez gradu bat gehiago izango du. Asko jota, 13 gradukoa izango da», zehaztu du Vargasek.