"Ez gara krisitik atera, ez ditugulako 2008a baino lehenagoko errenta eta enplegu mailak berreskuratu. Baina aurreikuspenak onak dira", azaldu du De Guindosek Donostian, Laboral Kutxak, PWCk eta Diario Vasco-k antolatutako hitzaldian. Espainiako ekonomia aurten %2,9 haziko dela berretsi du, atzo Mariano Rajoyk aurreratu zuen bezala, eta gaineratu du “aurreikuspen zuhurra dela”, gehiago ere haz daitekeela aurten ekonomia. Dena dela, "2016 amaierara arte ez da berreskuratuko 2008 aurreko errenta maila", eta enpleguaren maila dezente geroago.
Urtebetean Espainian 505.000 lanpostu sortu direla azaldu du, eta aurten beste 600.000 sortuko direla. Eta erantsi du “falazia bat” dela esatea lanpostu gehienak aldi baterako kontratudunak direla eta asko lanaldi partzialekoak direla. Alabaina, Eurostatek atzo argitaratutako datuen arabera, Espainian lanaldi partzialean ari direnen %57,3k lanaldi osoko kontratu bat nahi dute baina ezin dute. EBko hirugarren ehuneko handiena da, Greziaren (%72,1) eta Zipreren (%65,9) atzetik.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomiaz
Enpresariz beteta zegoen Gipuzkoako Merkataritza Ganberako aretoa, eta haiei mezua bidali die De Guindosek: “Hainbat match-ball salbatu ditugu, eta partida irabazi ez badugu ere, gutxienez markagailuan berdinketa lortu dugu”. Baikor begiratu dio Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomiaren geroari, esportazioek pisu handia dutelako, eta Europak onera egingo duela uste duenez, horrek euskal ekonomian eragin ona izango duelakoan.
Bestetik, EBk armonizazio fiskalerantz pauso gehiago emango dituela esan arren, nabarmendu du horrek ez diola eragingo kontzertu ekonomikoari: “Hori Espainiako Gobernuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko harremana da, eta Bruselak hor ez du zertan sartu”.
Kutxabanki dagokionez, Ekonomia ministroak esan du “konbentzituta” dagoela alde guztientzako onuragarria den akordio bat lortuko dutela. Kutxabank Espainiako Bankuaren erabakiaren zain dago, bankuko akzioen %50 saldu beharko dituen ala ez jakiteko.
Indarguneak eta arriskuak
Europak aurten eman dezakeen “sorpresa” azaltzeko hiru faktore nagusiak petrolioaren merkatzea, interes tasa negatiboak izatea eta euro-dolar diru trukearen parekatzea direla argudiatu De Guindosek. Baina arriskuak ere badaudela ohartarazi du, eta batez ere Grezia seinalatu du. Nolanahi ere, “inork ez du nahi Grezia eurogunetik ateratzea”, eta ziurtzat jo du akordio bat egingo dutela Atenasek eta Bruselak.
Ustelkeriaz
Rodrigo Rato Bankiako zuzendari ohiaren ustelkeria kasuari buruz galdetuta, honakoa erantzun du Ekonomia ministroak: "Espainia ez da, inolaz ere, herrialde ustel bat egituraz". Ustelkeria kasu "garrantzitsuak eta gaitzesgarriak" egon direla aitortu du, baina ustelkeriaren kontrako eredutzat jarri nahi izan du bere burua eta Madrilgo gobernua, esanez Bankiako black txartelen auzia FROBek fiskaltzari horren berri emateari esker egin zela publiko.