Japoniako Gobernuak debekatu egin du Fukushimako zentral nuklearraren inguruan ezarritako segurtasun eremura sartzea, hau da, zentraletik 20 kilometroko distantziara. Inguru horretako 80.000 bizilagunetatik batzuei bertara sartzen utziko diete, etxera itzuli eta beharrezko gauzak hartzeko, baina baldintza batzuekin: zentraletik hiru kilometroraino, familia bakoitzeko kide bati eta bi edo hiru orduz. Gero, debekatu egingo dute eremu horretara sartzea eta sartzen direnei isunak eta hilabete arteko kartzela zigorrak ezarriko dizkiete.
Gainera, zentraletik 20 eta 30 kilometro artean bizi direnei eskatu die babespean egon daitezela edo alde egin dezatela. 62.400 pertsona inguru ziren zentraleko arazoak hasi aurretik. Zentraletik 40 kilometrora erradioaktibitate maila nabarmen handitu da, haizearen eraginez.
Japoniako Gobernuak nabarmendu nahi izan du murrizketa berriak onartu dituzten arren zentraleko egoera ez dela okertu.
Horrez gain, Tepcok, Fukushimako zentral nuklearraren jabeak, lehen aldiz eman ditu datuak apirilaren 1etik 6ra Ozeano Pazifikora isuritako ur erradioaktiboaz: 520 tona ur isuri zituen, eta baimendutakoa baino 20.000 aldiz erradioaktibitate handiagoa zuten, 5.000 terabecquerel. Tepcok itsasora isuri zuen zentraleko bigarren erreaktorean pilatutako ur kutsatua.
Erradioaktibitate maila altua da, baina airera isuritakoa baino askoz ere apalagoa: 370.000 eta630.000 terabecquerel artean, Japoniako Segurtasun Nuklearrerako Agentziaren arabera.
Ura isuri eta gero, Tepcok altzairuzko hesi bat eta material sintetikoz egindako sare bat jarri zituen zentralaren ondoko kostaldean. Hesiak iodo kopurua gutxitzea lortu duela esan du NHK telebista kateak.
Debekatu egin dute zentraletik hogei kilometroko eremuan sartzea
Tepcok ozeanora isuritako urak baimendutakoa baino 20.000 aldiz erradiazio gehiago zuen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu