Hazkunde ekonomikoaren eta austeritate neurrien eskutik, kontu publikoak orekatzeko bidean doaz Europako Batasunean. Defizit publikoa barne produktu gordinaren %2,4tik %1,7ra jaitsi da EBn, eta %%2,1etik %1,5era, berriz, eurogunean. Eurostaten datuen arabera, EBko estatuek beren kutxetan sartu baino 251.000 milioi gehiago gastatu zituzten, 2015. urtean baino 98.000 milioi gutxiago.
Defizitaren murrizketa batez ere gastu publikoaren jaitsierari zor zaio: 2013. urtean, gobernuen gastua BPGaren %48,7 izan zen EBn, eta %46,6 izan zen iaz. Diru-sarreren bilakaera askoz apalagoa izan da: BPGaren %45,4 2013an, eta %44,9, berriz, 2016an.
Joera orokorra izan da gerrikoa estutzearena eta gastuak kontrolatzearena. Are gehiago, hamar estatuk urrunago eraman dute aurrekontuen diziplina, eta defizita izan beharrean, superabita izan dute. Diziplinatzaile nagusiak, Alemaniak, hirugarren urtez jarraian lortu du superabita (%0,8 aurten), eta lortu du bere etsenplua hedatzea, beste bederatzik lortu baitute gastatu baino gehiago biltzea, haien artean Luxenburgo (%1,6), Malta (%1), Suedia (%0,9) eta Herbehereak (%0,4).
Talde horretan dago Grezia bera —5,9ko defizita izateatik %0,7ko superabita izatera igaro da—, hirugarren erreskateko dirua jasotzeko derrigortuta baitago bere superabita izatera. Beste inon baino gehiago, ez gastatzetik dator superabita: 2013an bere BPGaren %62,3 gastatu zuen Greziako Gobernuak, eta %49 baizik ez iaz.
Espainia, defizitaren errege
Kontrako aldean Espainia dago. Azkenean bete ahal izan du Bruselak jarritako defizitaren muga, baina horretarako muga hori bi aldiz handitu behar izan dio. Azkenekoa %4,6koa zen, eta %4,5ekoarekin erantzun dio Espainiak. Zenbaki potoloetan, 50.000 milioiko defizita du oraindik. Horietatik 617 milioi dagozkie Hego Euskal Herriko gobernuei.
Frantziak du defizit handienetan bigarrena, proportzionalki behintzat. Azken urtean bi hamarren jaistea lortu du, %3,6tik %3,4ra. Hobekuntza hori batez ere BPGaren hazkundeari zor dio, kopuru osoetan 3.000 milioi eurora ez baita iristen ahalegina. Guztira, 75.893 milioi euroren zuloa eragin zuen iaz Frantziako Errepublikak.
Defizitak baino bilakaera apalagoa izan du defizitak, baina horrek ere behera egin du: BPGaren %84,9tik %83,5era jaitsi da EBn, eta %90,3tik %89,2ra eurogunean. Kasu honetan, estatu gehienek ez dute betetzen Egonkortasun Itunak zorpetze publikoari buruz jartzen duen gehienezko muga, hamasei kide baitaude %60tik gora. Zor handiena honakook dute: Grezia (%179), Italia (%132,6), Portugal (%130,4) eta Zipre (%107,8).