Ekonomia

Defizita erdira murriztea hitzartu dute G20ko estatuek

Hala ere, herrialde bakoitzaren esku utzi dute helburu hori lortzeko bidea zehaztea. Bankuei tasa ezarri edo ez ere estatu bakoitzak erabakiko du. Toronton (Kanada) goi bilera egin dute asteburuan hogei ekonomia handienetako ordezkariek, eta krisiari aurre egiteko neurriak izan dituzte aztergai.

2010eko ekainaren 28a
11:45
Entzun 00:00:0000:00:00
Asko kosta zaie G20ko taldeko estatuburu eta gobernuburuei krisiari aurre egiteko neurrietan gutxieneko adostasunetara iristea, eta horren erakusle da batzarraren amaieran plazaratu duten agiria. Izan ere, 2013rako defizit publikoa erdira murriztuko dutela hitzartu dute estatu horietako ordezkariek, baina herrialde bakoitzaren esku lagatzen da helburua lortzeko bideak zehaztea. Dominque Strauss-Khan FMI Nazioarteko Diru Funtseko zuzendariak agertu duenez, 45 ordu behar izan dituzte gutxieneko kontsentsu horretara iristeko.

Nolanahi ere, EB Europako Batasunak bere garaipentzat hartu du batzarrean hitzartutako agiria, hain zuzen ere, bidea estatu bakoitzaren esku uzten den arren, defizit publikoa murriztea hobesten delako. Krisiari aurre egiteko, murrizketaren alde egin du, oro har, Europak. Aldiz, AEBek hazkundea bultzatzeko pizgarriak eman behar direla defendatu du. Hazkundea ere aipatzen da azken agiri horretan, baina oso modu abstraktuan: defizitaren murrizketa hazkundearekin lotu behar dela esaten da, bestelako sakontasun handirik gabe.

Finantza krisiaren harira dirulaguntza publikoak jaso dituzten bankuei tasak ezartzearen inguruan ere ez dira ados jarri, eta estatu bakoitzaren esku geratu da horretan ere zein jokabide hartu erabakitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.