Deflazioa ate-joka Europan

Energiaren merkatze esanguratsuak euroguneko prezioak esparru negatibora eraman ditu, lehen aldiz azken bost urteotan.EBZ behingoz herrialdeen zorra erosten hasteko akuilua izan liteke

Ivan Santamaria.
2015eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gertatu da, azkenik: euroguneko inflazioa negatiboa da. Hots, prezioak oro har murrizten ari dira ekonomian. Eurostatek aurreratu duenez, urte arteko tasan inflazioa -%0,2 izan da abenduan, azaroan baino bost hamarren gutxiago. Bide honetatik eurogunea deflazio espiral batean sartuko den kezka indartu du datuak, eta presioa gehitu dio EBZ Europako Banku Zentralari, ekonomia eta inflazioa suspertzeko neurri ausartagoak har ditzan.

Berez, prezio negatiboak izatea jada deflazioa litzateke, baina arazoa ez da hilabete batedo beste prezioak jaistea, baizik eta bolada luze batean hala izatea. Horrek enpresen eta kontsumitzaileen erosketa erabakiak atzeratzen ditu, salneurri merkeagoen esperoan, jarduera ahuldu eta ekonomia osoa hondoratzeraino.

Deflazio arriskutsu baten hasiera da? Horren kontra daudenek badute nola argudiatu. Erorketa, batez ere, petrolio upelak izan duen jaitsierari zor zaio. Hain zuzen ere, urtebetean energiaren prezioak %6,3 jaitsi dira. Produktu aldakorrenak alde batera utzita —energia eta janaria—, inflazioa %0,8 da, eta gora egin du aurreko hilabetetik. Zerbitzuen sektorean prezioak %1,2 igo dira, aurreko urtearekin alderatuz.

Baina energiaren pisuak gainbeheraren parte bat azaltzen du, ez guztia. Industria ondasunetan, esaterako, inflazioa zero da. EBZk legez duen agindu bakarra da inflazioa %2ren azpitik baina hurbil egotea, horrekin ekonomiari modu osasuntsuan hazten laguntzen zaiola iritzita. Egungo datuekin, agindu hori betetzeko geroz eta urrunago dago banku zentrala. Epe ertainera begirako inflazio aurreikuspena ahultzeak, gainera, erraztuko luke deflazio arriskua.

Irabazleak eta galtzaileak

Ekonomialari gehienentzat beharrezkoa da gutxieneko inflazio bat jardueratik tira egiteko. Hala ere, inflazioa fenomeno konplexu bat da, eta horren faltak hainbat ondorio ditu, gizartean eta ekonomian.

Hasteko, prezioak merkatzea ona izan daiteke kontsumitzaileentzat, bereziki krisiaren ondorioz erosahalmena galdu badute. Esaterako, energian diru gutxiago gastatu behar izateak mesede egingo die. Enpresentzat ere egokia izan liteke, betiere kostuak neurri berean jaisteko gai bada, edo salmentak handitzeko.

Eragin mesedegarri hori galduko litzateke deflazio egoera luzatzekotan. Galtzaile handienetako batzuk kasu horretan zorpetutako eragileak dira, berdin pertsonak, enpresak edo gobernuak. Prezioen jaitsiera orokor batek langileen soldatak, enpresen diru sarrerak, edo zerga bilketak mugatzen ditu. Zorpetzearen kopurua ez dagoenez inflazioari lotuta, horren zama handituko litzateke. Aldiz, inflazio pixka batek errazten du hartutako zorrak bueltatzeko prozesua.

Euroaren eremuan ezaugarri propioak dituen fenomenoa da. Dibisa debaluatzeko aukera galduta, arazo ekonomiko handienak izan dituzten herrialdeak — Espainia, Portugal eta Grezia, besteak beste — barne debaluazio baten bidez saiatu dira lehiakortasuna handitzen; laburbilduz, soldatak eta kostuak jaitsita. Debaluazio hori gauzatzeko, inflazio oso txikia edo negatiboa izatea behar dute.

Arazoa da lehiakortasuna handitzeko ez dela aski eurek egindako ahaleginarekin. Alemaniak eta indartsu dabiltzan beste herrialdeetan inflazioa handiagoa izatea behar dute, lehiakortasun aldea azkarrago murrizteko. Inflazio negatiboak hori ez dela gertatzen ari erakusten du. Arazoak dituzten herrialde horiek zorpetze maila handi samarrak dituztenez, deflazio luze bat benetako amesgaiztoa izango litzateke.

EBZren txanda

Prezioen beherakadak pilota berriro ere EBZren teilatuan jarri du. Deflazio arriskurik ez dagoela esan arren, inflaziorik ezaren aurka egiteko neurri sorta abian jarri zuen banku zentralak iazko udatik hona. Interes tasak ia zerora jaitsi ditu, gordailuak EBZn uztearen truke kobratzen hasi zaie bankuei, edo zor pribatua erosteari ekin dio. Baina ez da, oraingoz, egoerari buelta emateko aski izan.

Orain dela bost urte izan zen inflazioa negatiboa azken aldiz. Garai horretan nazioarteko ekonomia atzeraldi sakon batean sartuta zegoen, eta bost hilabete iraun zuen egoerak. Ondoren, prezioek gora egin zuten, 2011. urteko amaieran %3ra iritsi arte. Harrezkero, behera egiteko joerak ez du etenik izan.

Inflazio negatiboa Mario Draghi EBZko presidenteak behar duen akuilua izan daiteke oraindik tiraderan duen tresna erabiltzeko: Alemaniaren erresistentzia gainditu, eta herrialdeen zor subiranoa erosiz dirua punpatzea. Lehen aukera du hamabost egun barru egingo duen kontseiluan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.