Negoziazio kolektiboaren erreforma atzo onartu zuen Espainiako Kongresuak, EAJ eta CiUren abstentzioei esker, eta euskal gehiengo sindikalak Donostiako Gasca kiroldegian elkartu ditu gaur delegatuak erreforma horren berri emateko. 2.500 lagun inguru bildu dira. Erreformaren bidez, lan eskubideak defenditzeko tresna nagusia kendu edo murriztu nahi dela salatu dute.
ELA, LAB, Hiru, EILAS eta EHNEko idazkari nagusiak izan dira ekitaldian hizlari. EAJren jarrera salatu du Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak. "Madrilen euskal sindikalismoak zein eremutan lan egin beharko duen ari dira arautzen. Bada, guri dei bakar bat ere ez digu egin EAJK". Azaldu du erreforma zetorrelaeta bilera egin zutela EAJrekin. "Informatuta edukiko gintuztela esan ziguten. Confebaski emango zioten informazioa, bai, baina guri ez digute ezer jakinarazi".
Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak gaitzetsi du euskal sindikatuek ez dutela Madrilen onartu dutenaren berririk. "Oraindik, gainera, tramite bat falta da, eta ziurrenik eskuineko alderdiek eskua sartuko dute". Iaz ere ikasturtea protestan amaitu zutela gogoratu du: greba orokorrarekin. "Orduan esan genuen langileen eskubideak murrizteko neurri berriak etorriko zirela, eta ez geunden oker". Gainera, eskubide horiek defenditzeko tresna nagusia kendu nahi dela salatu du Etxaidek.
Gascako ekitaldiaren ondoren, manifestazioari ekin diote Donostiako kaleetan, Negoziazio kolektiboaren erreformari ez, lan hitzarmenak hemen erabaki lelopean.