Migratzaileentzako lan baimenak bideratzen hasi da Eusko Jaurlaritza

EAEn denbora mugatu batez lan egiteko baimenak baino ez dira izango. Gainera, Espainiako Gobernuak kudeatzen jarraituko du bizileku baimena, zeina lanerako beharrezkoa baita.

Migratzaile batzuk mahatsa biltzen, Arabako Errioxan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Migratzaile batzuk mahatsa biltzen, Arabako Errioxan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
14789412 kepa
2025eko uztailaren 1a
17:23
Entzun 00:00:0000:00:00

Orain arte, lan egiteko aukerarik ez dute izan Lanbiden ikastaroren bat egin duten 5.000 migratzailek baino gehiagok, horretarako baimenik ez baitzeukaten. Gaurtik aurrera, ordea, enplegua aurkitzeko errazago izango dutela ematen du, tramite hori Eusko Jaurlaritzaren bitartez egin ahal izango baitute haiek eta gainontzeko etorkinek. Hala ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan denbora jakin batean lan egiteko hasierako baimenak baino ez dira izango; tradizionalki nekazaritza sektoreari lotutako sasoikako lanetarako, alegia.

Madrilgo gobernuak Jaurlaritzaren esku utzitako eskumena abian jartzeko «zailtasunak» egongo direla aitortu du Elena Perez Barredo Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak. Hain zuzen ere, PSE-EEk zuzentzen duen sailak hartuko du bere gain horren kudeaketa, Espainiako administrazioak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dituen ordezkaritzekin elkarlanean.

Hitzarmena Atzerritarrei Buruzko Espainiako Erregelamendu berria indarrean sartzearekin batera iritsi da. Hala ere, Nafarroan edo Espainian lan egin nahi duten migratzaileek Madrilen menpe dauden erakunde publikoen bitartez eskatu beharko dute baimena oraindik.

Bizileku baimena ere Madrilgo gobernuak kudeatzen jarraituko du, eta hori gabe ezin da lan egiteko baimenik eskatu: «Espediente biak aldi berean izapidetu beharko dira Estatuko Administrazio Orokorrean eta Eusko Jaurlaritzan», Barredok esan duenez.

Tresna informatikoak

Beharrezko lantaldeak osatu dira bi administrazioen artean martxan jarri beharreko lankidetza eta koordinazio protokoloak ezartzeko. Horretaz gain, Espainiako administrazioak dituen tresna informatikoak erabiltzeko aukera izango du Jaurlaritzak. Beraz, eskaerak Merkurio aplikazioa erabiliz aurkezten jarraitu ahal izango dute herritarrek eta enpresek, tasak orain arte bezala ordainduz.

«Helburua da herritarrek prozedura gehigarririk edo desberdinik ez izatea; administrazio publikoak baikara koordinatu behar garenak, lana ahalik eta arreta eta zorroztasun handienarekin egin ahal izateko. Herritarrek ez dute ezer nabarituko», adierazi du Barredok: «Eskumen honen helburua da etorkinen inklusioa erraztea, eta gizarteratzea lortzeko modurik onena laneratzea da».

Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuak zehaztu duenez, lan baimenak kudeatzeko ardura ez du berehalakoan hartuko Jaurlaritzak, «egokitzapen» epe bat egongo baita. Momentuz, gaurtik aurrera aurkezten diren eskaerak baino ez ditu izapidetuko Gasteizko gobernuak: gaur egun Espainiako Gobernuan kudeatzen dabiltzanak ez dira Jaurlaritzaren ardura izango, «urrira arte, gutxienez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.