Goizeko hamar eta erdiak. Donostiara ailegatu eta kartel bera ikus daiteke saltokietako erakusleiho guztietan, komertzio txiki zein handietan: merkealdia. Hasiera-hasieratik ezberdintasun argia ikus daiteke, ordea: multinazional eta kate handietan %50eko deskontuak daude; komertzio txikietan apalagoak dira: %20ko beherapenak dira nagusi.
Donostiako San Martin zentro komertzial inguruan saltoki ugaridago: kate handiak, denda txikiak... Ez da kasualitatea, beraz, jende gehien hor ibiltzea. Oraindik goiz bada ere, mugimendu handia dabil dendetan: gazte, zahar zein heldu. Batzuk, erosketak egin eta poltsak eskuetan; beste asko, aurrez begia jo zioten gutizia horren beherapenei begira, erosteko zalantzati; eta, beste batzuk, aldageletako ilaran, hartutako galtza, niki, edota soineko horiek probatzeko zain.
«Mugimendu handia dabil»
Denda txiki ugari dago Donostiako erdigunean. Vigna kate kataluniarra da horietako bat, eta bertako dendaria da Sandra Garai. «Oso pozik gaude; lehen egunotako jendearen joan-etorria handia izan da». Iritzi berekoa da Begoña Revilla ere, Tatano dendako arduraduna: «Jendea animatu da, eta mugimendua dabil eguraldi onarengatik». Garairen aburuz, horretan zerikusi handia du turismoak: «Kanadarrak, frantziarrak, amerikarrak...turista asko dabil, eta diru asko uzten ari dira. Gure kutxaren erdia baino gehiago turistek egiten dute».
Erdigunean ez ezik, Parte Zaharrean ere denda txiki ugari dago. Horietako bi dira Konpota eta Muxugorri, eta bertako langileak dira Ainara Ibañez eta Irene Zabaleta, hurrenez hurren. Ibañez itxaropentsu dago merkealdiko lehen egunak igarota: «Goizean jende gutxi dabil, baina eguerdian eta arratsaldean jende gehiago ibiltzen da. Oporretan jendea animatu da, eta jendea etortzen ari da». Zabaleta ez da hain baikorra, eta turistengan jarri du konfiantza: «Itxaropen apalak ditugu. Oso pattal hasi gara; merkealdiak baino gehiago, turistek emango diote buelta neguko denboraldi gogorrari».
Dena den, dendari guztiak iazko kanpaina baina hobea izango delakoan daude. Alde horretatik, Garaik uste du ekonomia suspertzen ari dela eta espero du joera honekin jarraitzea merkealdian: «Herritarrek atzera egiten dute oraindik, eta asko begiratzen diete prezioei, baina iaz baino zertxobait gehiago ari dira gastatzen». Uste berekoa da Zabaleta ere: «Azken hiru hilabeteak iazkoak baino hobeak izan dira, eta herritarrak hasi dira pixkanaka erosten».
Merkealdia noiz iritsiko zain
Beherapenen garaia duela urte batzuetakoa bezain indartsua ez den arren, Garaik adierazi du herritarrak merkealdia noiz iritsiko deseatzen egoten direla oraindik ere, eta, are gehiago, krisi garai hauetan: «Fitxatuta izaten dituzte jantzi asko, eta itxaron egiten dute merkealdia iritsi arte». Zabaletaren arabera, bezeroak zain egoten dira dendaren webgunean deskontuak noiz jarriko. Revillaren dendara ere jende askok deitzen du prezioak noiz jaitsiko dituzten galdetzeko.
Merkealdia, beraz, aukera ona da erosleentzat. Horrela onartu du Daniel Gorote gazte donostiarrak. «Zerbait behar badut, ez dut merkealdira itxaroten. Dena den, zerbait gustuko badut eta itxaron badezaket, merkealdiaren zain egoten naiz, gustuko dudan hori merkeago lortzeko».
Dena den, aurrez begia jotako horrez gain, erosleek gutiziak erosteko ere baliatzen dituzte prezio baxuak, Zara kate handitik atera berri den Maitane Garballo gazteak onartu duen moduan: «Ni dendara sartzen naiz, eta gustatzen bazait, erosi egiten dut. Beti erosten dugu gutiziaren bat edo beste».
Nolanahi ere, Revillak argi dio merkealdiko salmentak ez direla, «inolaz ere», krisiaren aurreko garaira iritsi: «Gezurra da telebistan agertzen diren ilarak, hori historiara pasatu da». Fenomeno horren arrazoietako bat da gero eta denda gehiagok urte osoan zehar eskaintzak egiten dituztela. Garaik dioenez, urte osoan eskaintzak egiten dituzte. «Jendeak hori eskatzen du».
Aldiz, komertzio txiki gehienek, Muxugorrik esate baterako, merkealdian soilik eskaintzen dituzte deskontuak. «Ezinezkoa da guretzat deskontuak egitea, ezin gara kate handiekin lehiatu. Gure merkealdia, gehienez ere, %30ekoa da, ez %50 edo %70ekoa. Bezeroa fidelizatzea eta gertutasuna eskaintzea lortu behar dugu. Ezin gara prezioen gerran sartu».
Dena den, badira, hain justu, merkealdia komertzio txikietan erosteko baliatzen dutenak, Pitu Arriaran donostiarra, kasurako. Multinazional baten erakusleiho bati «begira» badago ere, komertzio txikietan erosten du, merkealdian «prezio eskuragarrian» egoten baita arropa. «Kate handietan urte guztian daude prezio horiek».
Eguerdiko ordu biak dira. Multinazionalak jendez lepo daude; ez, hainbeste, komertzio txikiak. Saltokiek bi hilabete luze dituzte bezeroak erakarri eta dendetako apaletako zein biltegietan ezkutatua duten arropa saltzeko. Abuztuaren amaierara arte itxaron beharko da dendarien helburuak bete ote diren jakiteko.
Dendariak, itxaropentsu
Ia astebete igaro da Hego Euskal Herrian merkealdia hasi zenetik. Donostiako erdiguneko dendetan mugimendu handia dabil, eta langileak pozik daude orain arteko salmentekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu