Dendartean: «Ticket Bai ezin da ezarri merkataritza txikiari kalte egin gabe»

Gipuzkoako Aldundiak azarorako derrigortuko du sistema hori jartzea. Dendartean-ek nahi du Espainiako Gobernuaren erritmora egokitzea

Gipuzkoako Aldundiko arduradunak, Ticket Bai sistema aurkezteko agerraldian. GORKA ESTRADA / EFE.
xabier martin
2022ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Dendartean Gipuzkoako merkataritza elkarteak aurkakotasun handia adierazi du Ticket Bai sistema dela eta. Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko negozioen fakturazioa zaintzeko sistema da Ticket Bai; helburu du zerga ihesa eragoztea, eta aurtengo azarorako derrigorrezkoa izango dela erabaki du erakundeak. Bada, Dendartean elkartean bildutako Gipuzkoako merkatari txikiek ohartarazi dute sistema hori ezin dela martxan jarri aldundiak ezarritako «epe eta prozedurekin», baldin eta ez bazaie «merkatari txikiei kalte handia» egiten. «Ez dago aukera errealik Ticket Bai ezartzeko kalte handia egin gabe», ohartarazi du elkarteak ohar baten bidez. 2.200 komertzio daude Dendartean elkartean, eta esan dute ez dagoela iruzur fiskalik beren negozioetan: «Ez dago iruzur bat derrigorrezko sistema ezartzeko urgentzia hau justifikatzen duenik».

Dendartean elkarteak gogoratu du Ticket Bai sistemak komertzioak behartu egiten dituela beren salmentak gertatzen diren unean helaraztera ogasunera, «programa informatikoen bidez». Aldi berean, jakinarazi du Espainiako Gobernuak lege egitasmo bat duela tramitean, araudi bat garatzeko fakturazio sistemen inguruan. Eta erantsi du Madrilen asmoa dela negozioek «borondatez eta inolako derrigortasunik gabe» jartzea horrelako sistemak, fakturazioak ogasunera bidal daitezen gertatzen diren unean.

Araban, urrirako

Horrek «prezioak asko merkatzea» ekarriko ei du software programetan, sistema horien alorrean. Horregatik uste du Dendartean elkarteak onena dela «legearen zain geratzea eta sistema ezartzeko erritmoa estatuarenera egokitzea».

Gipuzkoako Aldundiak zenbait laguntza ekonomiko jarri ditu martxan saltoki eta negozio guztiek Ticket Bai jar dezaten, eta erabaki du azarorako sistema derrigorrezkoa izango dela. Bada, Dendartean elkarteak ohartarazi du «Gipuzkoan aritzen diren enpresa eta autonomo asko» ez direla horretara behartuta egongo, «haien egoitza fiskalak Euskaditik kanpo daudelako». Hori guztia kontua hartuta, merkatari txikien elkarteak eskatu du Ticket Bai sistemaren ezarpena atzeratzeko, «garai hau oso desegokia delako eta negozioen itxierak azkartuko dituelako».

Bizkaiko eta Arabako aldundiek ere antzeko sistemak ezartzeko helburuak dituzte, baina Bizkaiak atzeratu egin du haren ezarpena. 2024ko urtarrilaren 1era arte atzeratu du Batuz sistema, «gaur egun ez daudelako nahitaez ezartzeko baldintza egokiak». Arabak, berriz, aurtengo urriarekin hasi nahi du derrigorrezko sistema gisa erabiltzen, eta ArabaDendak elkarteak ere malgutasuna eskatu du, pandemiaren ondorioak direla eta. «Sektore ugari oso kaltetuak daude, eta oraindik ez dute lortu burua altxatzea hain ondorio izugarrien aurrean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.