Iritsi da laborariek itxaroten zutena: Pirinio Atlantikoetako prefeturak erran duenez, immunitatea lortu da Ipar Euskal Herrian dermatosi nodular kutsakorraren kontrako txertaketaren bidez, eta behien mugimenduak zertxobait gehiago onartuko dituzte datozen asteetan. Halere, horrek ez du kentzen protokoloari bere horretan eutsiko diotela: etxaldean izurri kasu bat agertuz gero, saldo osoa hiltzen dute osasun zerbitzuek.
Zehazki, Frantziako hego-mendebaldeak hartzen dituen zazpi departamentuetan lortu da immunitatea. Egoera hori lortzeko, protokoloak zera agintzen du: departamendu bateko behien %75 txertatuak izan behar direla, tropen %95ean. Eta bi eremu bereizten dira: eremu arautua eta txertaketa eremua. Eremu arautuan, abereak txertatu eta 28 egunetara sartzen ahal da, behin immunitatea aktibatua delarik. Orain, beraz, 28 egun baino gehiago dira Ipar Euskal Herriko behien %75 txertatuak izan direla, saldoen %95ean.
Gauzak horrela, behien garraioa pixka bat erraztua izanen da, baina ez askorik: Frantziako beste eremu arautuetara mugitzen ahalko dira behiak, baina ezingo dute, erraterako, Hego Euskal Herrira igaro.