Europako Batasunaren eta Mercosurreko herrialdeen arteko akordioak hartu ditu azken asteetan laborantzaren inguruko solasik gehienak. Anartean, behien dermatosi nodular kutsakorraren kontrako protokoloa lehengo bera da hala Ipar Euskal Herrian nola Frantzian: etxalde batean kasu bat agertuz gero, tropa osoa hiltzen dute osasun zerbitzuek. Horrexegatik mobilizatu ziren laborariak abenduan, autobideak blokeatzeraino. Geroztik, txertaketa kanpaina abian da, eta, Pirinio Atlantikoetako prefeturak adierazi duenez, departamenduko behien %90 baino gehiago txertatuak dituzte jada. ELB sindikatukoek negoziatua zuten ehuneko horietara iristean protokoloaren berrikustea, eta horren inguruan ari dira lanean.
CP Laborarien Konfederazioa Frantziako sindikatuarekin elkarlanean ari dira gaia lantzen, lehenago ere elkarrekin arituak baitira hainbat borrokatan. Prefeturarekin negoziatu protokoloaren berrikuspenari begira, hain zuzen, protokolo alternatibo bat landu dute: «Bukatzen ari gara, eta ondoko astean berriz iragan behar du CPren nazio kontseilutik; gero haiek hitzordu bat ukan behar dute ministroarekin, baieztatzeko edo ezeztatzeko», kontatu du Julen Perez ELBko bozeramaileak.
Sebastien Lecornu Frantziako lehen ministroak ANSES elikaduraren, ingurumenaren eta lanaren osasun agentziari eta elikaduraren zuzendaritza orokorrari galdegin zien dei egiteko sindikatuei, protokolo alternatibo baten plantatzeko. Hala, CP, FDSEA, JA eta CR sindikatuek bakoitzak beren protokoloa aurkeztu behar lukete, eta CPk aurkeztuko duenaren ontzean parte hartu du ELBk.
«Protokoloa bukatzen ri gara, eta ondoko astean berriz iragan behar du CPren nazio kontseilutik; gero haiek hitzordu bat ukan behar dute ministroarekin, baieztatzeko edo ezeztatzeko»
JULEN PEREZELB sindikatuko boz eramailea
Mementoko, «sekretupean atxiki behar» dute protokoloa, baina datozen asteetan igortzekoa diote ministerioari. Dena dela, Perezek argi utzi du behin protokoloa aurkezturik denbora beharko dela gauzak egiazki aldatzeko: «Pasatuko dira beharbada sei hilabete edo urte bat erran artio osasun aldetik arriskurik ez dela eta protokoloa baieztatzen dutela. Edozein gisaz, protokolo baten baieztatzeko behar da esperimentazio bat egin, eta hura egina ez deno, ez da gauza handirik aldatuko». Funtsean, behien tuberkulosiarekin gertatu zen gisara, tropa osoen hiltzeko agintzen jarraituko dute, harik eta sindikatuen proposamenak aztertu eta ministerioak onartu arte, agian, hilketa partzialak nahikoak direla.
Txertoa aitzina, ekonomia geldirik
Ipar Euskal Herriko eta Biarnon kasik 190.000 behi txertatu dituzte; «beraz, afera ontsa da», Perezen arabera: «Behar eta espero tenoreko txertatu dituzte, eta behar diren kopuruak ere kausituak dituzte»; erraterako, behien %90 baino gehiago txertatzea lortu dute. Baina, birusaren kontrako prozedura ulertzeko, harago begiratu behar da: «Osasun hesia deitzen diote, eta Ekialdeko Pirinioetatik abiatu eta Euskal Herria artio iristen da, baina horien artean badira Garona Garaia, Ariege, Pirinio Garaiak... eta, departamendu horietan ere behien %75 txertatuak izan behar dira, tropen %95ean». Beste departamendu horien datuak, haatik, ez dizkiete jakinarazi.
Bi eremu desberdintzen ditu txertaketa protokoloak: eremu arautua eta txertaketa eremua; eremu arautuan sartzen dira lehen-lehenik txertatuak izan diren eskualdeak, eta, mementoko, Ipar Euskal Herria ez da sartua. Izan ere, kabalei txertoa emanik, 28 egunez itxaron behar da immunitatea aktibatzeko, eta horren ondotik baizik ez da sartzen ahal eremu arautuan; «190.000 behi horiek ez dituzte egun bakarrean txertatu; beraz, emeki-emeki hurbiltzen ari gara behien %75 txertatuak izateko helburura, eta 28 eguneko epera». Perezek zehaztu duenez, «otsail erditsuko» aurreikusten dute hori.
«Arlo sanitarioan, txertoak zerbait on ekarri du, ez baita kasurik izan eta ez baita epidemiarik sortu, baina badira ikusten ez diren kalteak»
JULEN PEREZ ELB sindikatuko bozeramailea
Anartean, beste «problematika larri bati» aurre egin behar izaten diote, eskualde bateko behiak txertatzearen ondorioz mugak hesten baitira tarte batez. Horrek erran nahi du hilabete eta erdi dela Ipar Euskal Herritik behirik eta txahalik ezin dela atera, eta hori ez aldatuko osasun hesiko departamenduak oro eremu arautura sartzen ez diren artean.
Txertoaren kalteak
Txertoari dagokionez, Perezek onartu du «txerto horrek baduela zerbait onik», txertatzen hasi direnetik ez baita «kasu bihi bat ere agertu». Hala ere, zera erran nahi izan du: «Azpimarratu behar zaie hedabideei eta jendeei: birus bat erdi hila, hori da txertoa; beraz behiak, hala ere, sekulako zafraldia biltzen du. Badira bazter ondorio anitz: behiak sukarrarekin, lepotik hanpatuak, batzuek aratxea galdu dute, zenbaitzuk hil dira... Beraz, arlo sanitarioan txertoak zerbait on ekarri du, ez baita kasurik izan eta ez baita epidemiarik sortu, baina badira ikusten ez diren kalteak». Hasieratik ematen diete bazter ondorio horien berri ministerioari eta populazioen babesaz arduratzen den zuzendaritzari, «txertoa ez baita neutroa, eta hori kontuan hartzekoa baita».
Zehaztu behar da, gainera, eritasunak berak hainbesteko kalterik ez diela eragin behiei. Datuen arabera, kasurik larrienetan, behien %1 baizik ez da hil eritasun horren eraginez. «Bestenaz, behia akitua da, sukarra izaten du, nodulu batzuk agertzen zaizkio, eta egun zenbaiten buruko pasatzen da; posible da ondoko behiak ber gauza ukan baina deus ez erakustea, beraz...». Perezek ondorioztatu du beste zenbaitetan bezala «txertoak eritasunak baino kalte gehiago» eragiten dituela mementoko.

Horri loturik, sostengua adierazi die txertaketari uko egin diotenei, eta zehazkiago, Libre kolektibokoei. «Damugarria da ez baitiete askatasunik uzten txertatzea nahi ez dutenei». Azaldu duenez, orain arte txertaketan zentratu badira ere, kabalei txertoa eman nahi ez dietenei deika hasi zaizkie orain osasun zerbitzuak, mehatxuka: «Lehenik ulertzeko zergatik ez duten txertorik nahi, eta, gero, errateko txertorik nahi ez badute beren gain dela, baina hasiko direla isunak ezartzen, beharbada zigor penalak ere bai, diru laguntzak kentzen... Beraz, berriz ere presioa ezartzen hasi dira laborarien gainean».
Halaber, Perezek uste du txertoak onik ekarri duela, eta beharrezkoa izan dela «orokortasun batean baietza» izatea, jendearen «lasaitzeko», baina uste du laborari zenbait ez direla behar bezala entzunak. «Behar dugu haiengana hurbildu ikusteko zer egiten ahal dugun edo zer ez».