Diru gehiago kutxetan

Basilea III-ko arauek kapital gehiago gordetzera behartuko dituzte finantza erakundeak

Iker Aranburu.
2010eko irailaren 14a
00:00
Entzun
Kapital gehiago. Horixe da banku-arautzaileek finantza sektorearen gaitzei aurre egiteko aurkitu duten sendabidea. Basilea III-ko arauak indarrean jartzen direnean, bankuek beren kutxetan oraingo diru kopurua halako hiru izan beharko dute, badaezpada ere. Sektoreak ez du aldaketa gaizki hartu, zortzi urte izango dituztelako diru hori biltzeko. Euskal Herriko bankuek eta aurrezki kutxek bete egiten dituzte kapital eskakizun berriak.

Hainbat hilabetetako eztabaiden ondoren, finantza erakundeei ezarri behar zaizkien gutxieneko arauei buruzko akordioa lortu zuen igandean bankuen gainbegiratzaileen batzordeak, Basileako batzordeak. Aldaketa deigarriena da Tier 1 kapitala gutxienez aktiboen %2 izatetik praktikan %7 izatera pasatuko dela.

Baina aldaketa sotila espero dute analistek, banku handi gehienek erraz gainditzen dutelako kopuru hori. Arazoak banku txikientzat izan daitezke, eta batez ere Alemaniako aurrezki kutxentzat, kapital berria erakartzeko arazo gehiago dituztelako.

Zer aldatuko da?

Orain arte bankuak oso kapital gutxi gordetzera behartuta zeuden. Hau da, gertatu ahal ziren galerak estaltzeko oso diru edo baliabide urriak izatea, beren kapitala ere utzia zutelako. Baina azken finantza krisiak erakutsi du erreserba horiek txikiegiak zirela gauzak gaizki joanez gero, eta horregatik jaso dute banku handi askok diru publikoa, edo beste batzuekin biltzera behartu dituzte erakunde txikiagoak.

Zer egin beharko dute bankuek

Askok kapitala handitu beharko dute, hau da, inbertsiogileengana joan beharko dute diru berriaren bila.Orain arte aktiboen %2 baizik ez zuten gorde behar Tier 1 neurgailuaren arabera -bankuaren beraren akzioak, erreserbak eta beste zenbait finantza tresna-, baina Basilea III indarrean jartzen denean, %4,5era igoko da gorde beharrekoa. Horri beste %2,5 gehitu beharko zaio, babeserako koltxoia deitutakoa. Espainiako Bankuak behartzen dituen erreserba antiziklikoen antzekoa izango da, eta hori izango da erabiltzen lehena gauzak okertuz gero. Banku handienei kapital gehiago eskatuko diete, haien porrotak sistema osoa arriskuan jartzen duelako, baina ez dute kopurua zehaztu. Berez, banku handi gehienek Basilea IIIko kapital eskakizunak betetzen dituzte.

Berehala egin beharal dute?

Ez. Ohikoa denez, epe luzeak jarri dizkiete diru hori bil dezaten, 2019ra arte ez baitira arau guztiak indarrean egongo. 2013an hasiko dira kopuruak igotzen, eta %4,5era ez dute 2015era arte iritsiko. Babeserako koltxoia 2016tik aurrera sortu beharko dute, baina ez dute ezinbestean finantza merkatuetan kapital gehiago bildu beharko. Hori bai, banku zentralek dibidenduak eta buruzagiei ematen dizkieten gainsariak moztu ahal izango dituzte erakunde batek bere burua babesteko adina diru baztertzen ez badu.

Zer gertatuko da euskal banku eta kutxekin?

Teorian, ez dute arazo handirik izan behar kapital aldetik. Uztailean egindako estres azterketen arabera, iazko abenduaren 31ean BBK-k %14,6ko Tier 1 kapitala zeukan, %13 Kutxak, %11,3 Vital Kutxak eta %9,4 BBVAk. Nafarroako Kutxa buru duen Banca Civicak %9,6ko kapital ratioa zuen, baina egoera okertuz gero %5,2ra edo %4,7ra jaitsiko zela zioen azterketak. Hori dela eta, JC Flowers AEBetako inbertsio funtsaren dirua jasoko du. Banco Guipuzcoano besteak baino estuago dabil kapital aldetik-%9,1etik %6,1era jaisteko arriskua ikusi zion azterketak-, baina Banco Sabadellen menpe geratuko da aurki.

Beste berrikuntzarikba al dago?

Bai. Batetik, Tier 1 kapitala neurtzeko orduan ere indar handiagoa izango dute akzioek eta erreserbek, hots, kalitate handiko kapitalak. Horrek buruhausteak sortuko dizkie hainbat finantza erakunderi, kapitala produktu nahasiekin osatu baitute. Kapitala ez ezik, likidezia ere handitu beharko dute bankuek. Hau da, gastuei edo unean uneko ordainketei aurre egiteko behar duten diru freskoa.

Zer erantzun izan dute proposamenek?

Bankuetako ordezkariek lasaitua hartu dute, baldintza gogorragoak espero baitzituzten. Hala ere, nabarmendu dute kapital gehiago biltzeak ekonomia errealari kalte egin diezaiokeela, erreserbetara joango baita aurretik enpresei eta familiei uzten zitzaien dirua. Estatu gehienek, ordea, baldintza gogorragoak eskatu zituzten, haiek -eta herritarrek, noski- pagatu dituztelako azken hiru urteotan finantza sektoreak agerian utzi dituen ahuleziak. Baina, azkenean, Alemaniaren jarrera kontserbadorea nagusitu da. Berlinek, kapital txikiagoa eta epe luzeagoak defendatu dituztenetakoa, bere banku eta aurrezki kutxa publiko batzuk gutxieneko kapital ratioetara iristeko arazoak izango dituztela uste baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.