Oinarrizko errenta

Diru sarrerak bermatzeko errentaren baldintzak gogortzea baztertu du Eusko Legebiltzarrak

Talde guztiak batu dira PPren proposamena atzera botatzeko.

Iker Aranburu.
2016ko ekainaren 30a
07:47
Entzun

Nafarroako Gobernuak oinarrizko errenta zabaltzeko lege proiektua onartu eta biharamunean, justu kontrakoa egiteko saioa gerarazi du Eusko Legebiltzarrak. Diru sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) jasotzeko baldintzak gogortu nahi zituen berriro PPk, batez ere etorkinei begira. "Iruzurraren aurka borroka egiteko" aitzakian, errenta jasotzeko gutxieneko erroldatze epea hiru urtetik bost urtera handitu nahi zuen, eta bizitzeko baimenik ez dutenei ukatu nahi zien. Gainera, alderdi eskuindarrak nahi zuen gutxieneko errenta jasotzen zutenek "komunitatearen adeko lanak" egiteko.

PP bakar-bakarrik geratu da, haren hamar botoak baizik ez dituelako jaso proposamenak. Aurkako 64 boto jaso ditu, EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta UPDrenak. Bigarren aldia da legealdi honetan ildo horretako PPren proposamen bat atzera botatzen dutela; iazko urrian ere beste talde guztiek arbuiatu zuten PPren saioa gizarte laguntzak mugatzeko.

EAJren aldetik, errentan "murrizketak" egitea baztertu du Amaia Arregik, baina PPren proposamenaren alderdi teknikoago batzuk aztertzeko prest azaldu da. Eva Blanco EH  Bilduko legebiltzarkideak gogorarazi dio PPri oinarrizko errentan egiten den iruzurra txikia dela —%1, Lanbideren arabera—, batez ere zerga iruzurrarekin alderatuz gero, "2.000 milioitik gorakoa delako urtero". DSBE murrizteko saioetan "tematzea" aurpegiratu dio PPri Jose Antonio Pastorrek (PSE-EE), eta auzitan jarri du proposamenetako baten konstituzionaltasuna, hain zuzen ere errenta kentzea delitu batzuengatik zigortutakoei.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.