Diru sarrerak bermatzeko errentaren kudeaketa osoari eutsiko dio Lanbidek

Toña sailburuak uste du atea ireki behar zaiola «unean uneko» behar batzuk eragile publikoekin eta pribatuekin elkarlanean egiteko aukerari. Gainditutzat jo du zerbitzuak «gainezka egiteko arriskua»

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2016ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Diru sarrerak bermatzeko errentaren kudeaketa «osoari» eutsiko dio aurrerantzean Lanbide enplegu zerbitzu publikoak. Hala, gizarte laguntzaren sistemarako sarbide bakarra izango du oraindik ere, baina «unean uneko» kudeaketa batzuk zerbitzutik kanpo eramateari buruz gogoeta irekitzeko prest legoke Jaurlaritza, kolektibo jakin batzuen kasuan.

«Ez dugu ostikorik emango kanpora», aurreratu zuen Angel Toña Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak. Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin zuen atzo sailburuak, diru sarrerak bermatzeko errentan Lanbidek agintaldian egindako lana azaltzeko, eta, bide batez, kudeaketaren etorkizunari buruz sortu diren zalantzak argitzeko.

Gobernuak ez du oraindik kudeaketa eredua aldatzeko proposamenik egin. Batzorde tekniko bat sortu du diru sarrerak bermatzeko errentaren egoera aztertzeko. Talde horrek lanean segitzen du, eta luze gabe ondorio batzuk jakinaraztea espero da. Besteak beste, gizarte laguntzei erantzuteko sistema instituzionalari buruz aholkuak ematea espero da. Orain dela lau urte hartu zen erabakian —kudeaketa aldundien gizarte zerbitzuetatik Lanbidera eramatea— atzera egiteko tarte handirik ez du ikusten Toñak. «Zaila da auto bati gurpilak aldatzea martxan dagoen bitartean».

Erreformaren aukera hauspotu du sailburuak berak. Joan den asteburuan, Vocento taldeko egunkarietan argitaratutako elkarrizketa batean, laguntza eskuratzen ari diren hainbat kolektibo Lanbidetik ateratzeko aukera mahai gainean jarri zuen. Laneratzeko beharrik ez duten kolektiboak lirateke —erretiratuak—, edo bazterketa egoeran daudelako behar bereziak dituztenak. Atzoko agerraldian, balizko erreforma horri buruzko xehetasun gehiago espero zituen oposizioak, baina ez dago moldaketarik, oraingoz.

Sailburuaren ikuspuntua ez da berria, eta atzo berretsi zuen. Eskumena mugitu gabe «unean uneko» kudeaketa batzuk beste erakunde «publiko edo pribatuen» bidez bideratzeko aukera aztertzea egokia iruditzen zaio. Erretiratuei dagokienez, Lanbideko bulegoa izango litzateke osagarria eskatzeko lekua, baina, euren egoera ekonomikoa aldatuko ez denez, ordainketa ogasunen bidez egitea posible litzateke. Nola? Nominan itzulketa bat eginda, eta aitorpenaren garaian likidatuta. Aukera horrek zailtasun teknikoak lituzke. Batetik, ez delako erraza eskumena bi erakunderen artean konpartitzea. Gainera, kontuan hartu behar da pentsiodun ugari ez daudela behartuta aitorpena egitera, eta sistema honekin derrigorrezkoa litzateke. Gaur egun, pentsiodunak dituzten 16.000 elkarbizitza unitatek osatzen dute beren ordaina diru sarrerak bermatzeko errentarekin.

Beste kontu bat da zer egin behar den bazterketa egoeran dauden edo behar bereziak dituztenekin. Ardura Lanbidera eskualdatu baino lehen, aldundietako eta udaletako gizarte zerbitzuek egiten zuten haien jarraipena. Aldaketak enplegu sistemara eraman zituen, haietako batzuk bestelako lehentasunak dituzten arren. Horien kasuan, ez da planteatzen eskumena aldundiei bueltatzea, baizik eta arreta indartzeko beste modu batzuk bilatzea, esaterako, hirugarren sektoreko erakundeekin lankidetza itunak eginda.

Arriskutik egonkortasunera

Agerraldian, asko hitz egin zen Lanbideren etorkizunari buruz, baina, izatez, zerbitzuan egindako lana azaltzeko eskatu zuen agerraldia sailburuak joan den martxoan. Legealdia hasi zenean, 2013. urteko lehen hiruhilekoan, egoera «kezkagarria» aurkitu zuen gobernu berriak. «Gainezka egiteko arriskua zegoen», ziurtatu zuen Toñak. Ia hiru urte eta erdi geroago, arrisku hori gainditutzat jo eta egoera «egonkortu» dela uste du sailak.

Zerbitzuaren egoera kaskarra ez ziola «jasotako herentziari» leporatu nahi argudiatu zuen sailburuak, baina hainbat faktore pilatu ziren, haren aburuz. Krisia gogortzeak eragin zuen, baina baita Lanbideko egitura ez zegoela behar bezala prestatuta ere diru sarrerak bermatzeko errentaren tamainako erronka bati aurre egiteko. Toñaren aurrekoak, Juan Mari Aburtok, definitu zuen bere garaian egoera, errentak «Lanbide osoa irentsi» zuela adierazita.

«Egoerak ez du zerikusirik batzuk leporatu nahi dioten kaosarekin», defendatu zen sailburua, eta datuen bidez justifikatzen saiatu zen hobekuntzaren ideia. Hasteko, laguntza jasotzeko eskaerei erantzuteko epea 110 egunetik 50 egunera jaitsi da. «Ilarekin amaitu dugu». Gobernu aldaketa gertatu zenean 3.000 erreklamazio erantzun gabe zeuden, eta gaur egun erantzun guztiak «epean» egiten dira.

Sisteman egon daitekeen iruzurra «txikia» da, sailburuaren ustez. Besteak beste, dosier geroz eta gehiago tramitatzeko aukerak egoera hobetu duelako. Gaizki egindako ordainketak eta kobraketak kontuan hartuta, gastu guztiaren %1,02 dira. Soilik iruzurra propio hartuta, %0,63, hiru milioi euro pasatxo. Dirua berreskuratzeko, 20.000 prozesu jarri ditu martxan zerbitzuak. «Hemen ez da dena pasatzen, eta zerbitzura datozen pertsonak ez dira gizabidearen aurkakoak». Diru sarrerak bermatzeko errentan 488 milioi euro gastatzen ditu Eusko Jaurlaritzak urtero. 65.000 elkarbizitza unitatera iristen da dirua: 136.000 pertsona dira.

Hutsartea kanpainan

Gizarte babeserako sistema garatzea ahalbidetu zuen adostasuna «berreskuratzea» beharrezkoa da, Toñaren aburuz, eta, horretarako, eskaera zehatza egin zion oposizioari: hutsarte bat martxan dauden harmonizazio prozesuak amaitu arte. Beste era batera esanda, diru sarrerak bermatzeko errentaren eztabaida borroka politikotik eta kanpainatik kanpo uztea. Aurreko urtean Javier Maroto popularrarekin halako konpromiso bat bilatu zuela ere jakinarazi zuen, egoera baretzeko.

Oposizioaren erreakzioa ikusita, zaila da Lanbide bezalako tresna garrantzitsua eztabaidatik ateratzea. EH Bilduko Belen Arrondok onartu zion sailburuari gauza batzuk hobetu direla, baina «ezin da esan egoera egonkortu dela»; besteak beste, ordainak murriztuta segitzen duelako. «Zure baikortasuna negatiboa da», aurpegiratu zion PSE-EEko Txaro Sarasuak sailburuari. Aurrera begira egin daitezkeen urratsekin ere ez dago ados. «Hona ekarri duzunak ez du bermatzen Lanbideren kudeaketa hobeago bat». Laura Garrido PPko legebiltzarkideak ziurtatu zuen legealdiaren «porrota» ikusi zela agerraldian. «Gobernuak bihurtu du Lanbide arazo, bere kudeaketarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.