Espainiaren erreskateari buruzko erabaki potoloak hartu behar baino lehen, zorraren krisia ez hedatzeko tresnak indarrean jartzen ari dira euroguneko finantza ministroak. Atzo, Luxenburgon, ofizialki sortu zuten Europako Egonkortasun Tresna (ESM, ingelesez), aurrerantzean estatu kideak zein finantza erakundeak erreskatatzeko sortutako funtsa.
ESMko Gobernu Kontseiluaren lehen bileraren ondoren, dirua uzten hasteko prest dagoela ziurtatu du horko zuzendari nagusiak, Klaus Reglingek. Hasiera batean 200.000 milioi euro izango ditu kutxetan, haren aurrekoak —EFSF behin-behineko erreskate funtsak— erabili ez dituenak nagusiki. Funtsaren asmoa da bilioi erdi izatea, bere mailegu kopurua handitzeko ez ezik, baita espekulatzaileei ikusarazteko eurogunea prest dagoela bere kideen aurkako operazioak geratzeko. Aditu askok, ordea, auzitan jarri dute diru hori nahikoa ote den.
Oraingoz, Fitch rating agentziak konfiantza eman dio: AAA kalifikazioa eman dio, onena, eta Grezia eurotik ateratzen ez den bitartean jaisteko arrazoirik ez duela ikusten gaineratu du. ESMk sostengu politiko handia duela, kapitalizazio handia duela eta arazoak izateko zorra jasotzeko lehentasuna duela nabarmendu du Fitchek. Kalifikazio horri esker, dirua merke lortu ahal izango du finantza merkatuetan.
500.000 milioi euro izateko «lan teknikoak» aurrera doazela azaldu du Reglingek. Batetik, estatu kideek 80.000 milioi kapital gisa jarri behar dituzte datozen bost urteotan. Gainontzekoa, berriz, merkatuetan dirua lortu ahal izateko berme gisa. Herrialde bakoitzak BPGan duen proportzioaren arabera jarriko du: Alemaniari %27 dagokio (190.000 milioi euro), Frantziari %20 (142.000 milioi), Italiari %18 (125.000 milioi) eta Espainiari %12 (83.000 milioi). Gutxien Maltak jarri beharko du:milioi erdi eskas. Jarritako diruaren araberako boto eskubideak izango dituzte estatuek ESMko agintaritzan. Erabaki asko gehiengo kualifikatuarekin hartu behar direnez, praktikan horrek esan nahi du oso zaila izango dela ezer onartzea Alemania aurka badago.
Erreskatearekin bueltaka
ESMk emango du oso-osorik Espainiako bankuen erreskatea. Aurki iritsiko da, nahiz eta ofizialki artean ez duten erabaki zenbat izango den: 100.000 milioiraino baimendu zituzten euroguneko buruek, baina Oliver Wymanek bankuei estres azterketa egin ondoren, Espainiak dio agian 40.000 milioirekin nahikoa izango dela.
Espainiaren bigarren erreskatea ere, benetakoa, ESMri egokituko zaio. Inoiz etortzen bada. Madrilek ez du ez baiezkorik ezta ezezkorik eman, eta Europako Banku Zentralaren laguntza ahal bezainbeste baliatzen ari da erabakia atzeratzeko.
Zalantza horiek merkatuak urduri jartzen dituzte. Atzo, esaterako, burtsa jaitsi eta arrisku saria igo egin zen Wolfgang Schaueble Alemaniako Finantza ministroak Madrilen estrategiari bultzada bat eman zionean. Eurotaldearen bileraren atarian, Schaueblek esan zuen oraingoz ez dagoela erreskate baten beharrik. «Espainiako Gobernuak dioena entzun dut eta ados nago: ez du finantza laguntzarik behar.Ahal duena egiten ari da finantzak onbideratzeko eta egiturazko erreformak egiteko».
FLAren dirua, gaurtik
Eurogunea bezalaxe, Espainia ere bere barne erreskaterako funtsa prestatzen ari da. Antonio Beteta Administrazio Publikoetako Estatu idazkariak atzo argitu zuenez, Autonomien Likideziarako Funtsak (FLA) hamar urterako maileguak emango dizkie erkidegoei, eta beste bi urtez luzatu ahal izango dute. Espainiako Altxorrak eskuratzen duen interesa gehi 0,30 puntu pagatu beharko dute —%5,7an, atzoko kotizazioekin—. FLAk 18.000 milioi izango ditu: Loteriasek jarritako 6.000 milioi, Altxorraren 4.000 milioi eta finantza erakundeek Altxorrarekin bermearekin jarriko dituzte beste 8.000 milioi.
Dirua aurki agortuko da, jada 16.000 milioi eskatu baitituzte: 5.023 milioi Kataluniak, 4.906 milioi Andaluziak, 4.500 milioi Valentziak, 848 milioi Gaztela-Mantxak, eta 756 milioi Kanariar Uharteek. Kataluniak gaur bertan jasoko du lehen zatia, 568 milioi eurorena.
Dirua badago, eskatzea falta
Abian da Europako Egonkortasun Tresna, aurrerantzean estatuak eta bankuak erreskatatu behar dituen funts iraunkorraEspainiak oraindik ez duela laguntzarik behar esanda, denbora irabazi nahi du Alemaniak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu