Dirudunei zergak handitzeko eskatu du Oxfamek, trantsizio ekologikoa bultzatzeko

Enpresa handiei eta milioidunei zergak igotzeak energia iturri berriztagarriak finantzatzen lagunduko duela uste du gobernuz kanpoko erakundeak.

-FOTODELDIA- R.DOMINICANA UCRANIA GUERRA
inaut matauko rada
2023ko azaroaren 20a
14:00
Entzun

Dubaiko (Arabiar Emirerri Batuak) COP28 goi bileraren atarian, Oxfam Intermon GKE gobernuz kanpoko erakundeak karga fiskal handiagoa eskatu du enpresa handientzat eta munduko pertsonarik dirudunenentzat: munduko biztanleriaren %1 dirudunenari, 77 milioi pertsonari, %60ko zergak ezartzea proposatu du Oxfamek.

«Gehien kutsatzen dutenek kostua bere egin behar dute», adierazi du Lourdes Benavidek, GKEko Klima Justizia arduradunak. Izan ere, SEI Stockholmgo Ingurumen Institutuak egindako ikerketa baten arabera, munduko biztanleriaren %1 dirudunena 2019ko karbono emisio guztien %16en erantzule izan zen; errepideko garraio guztiek urtebetean eginiko emisioak baino gehiago dira.

Dirudunen karbono isuriei neurria hartzeko argitaratu ditu datuak Oxfamek. Europako Batasunean, %1 dirudunenek batez beste txiroenen %50ek kutsatzen dutena halako hamalau kutsatzen dute. Munduko %1 dirudunenak, berriz, karbono isuri guztien erdien erantzule izan ziren.

Egoera ikusita, Oxfamek uste du enpresa handiei eta dirudunenei zergak handituta trantsizio ekologikoa bizkortzeko inbertsioa handituko litzatekeela, eta horrek energia iturri berriztagarriak bultzatzea ekarriko lukeela. Zehazki, zergak handituta 6,4 bilioi dolar gehiago bilduko liratekeela kalkulatu du: «Dirudunenei zergak aplikatzeak berdintasunik eza eta klima larrialdia borrokatzeko aukerak handitzen ditu. Bilioika dolar daude jokoan, eta diru hori ezinbestekoa da desberdinkeria txikitzeko eta ingurumenean duen eragina murrizteko», adierazi du Benavidek.

Energia berriztagarrietan inbertsioa handitzeaz gain, zerga horiek zerbitzu publikoak hobetzen ere lagunduko dutela adierazi du Oxfamek. Dirudunenen karga fiskala handitzeaz gain, beste eskari batzuk ere egin dizkie gobernuei: aberastasunaren banaketa justuago bat bermatuko duten neurriak hartzea, erregai fosilak ahalik eta lasterren alboratzea, eta biztanleriaren eta planetaren ongizatea lehenestea, besteak beste.

Kalteak txiroenetan

Oxfamen ustez, dirudunenen karbono isuri handiek txiroenengan eta periferiako herrialdeetako biztanleengan dute eraginik handiena. Tenperaturaren igoeraz gain, klima aldaketa zikloi handiak, desertifikazioa eta uholdeak eragiten ari da munduko hainbat txokotan, eta desberdinkeria handiko herrialdeek pairatzen dute gehien hori guztia. GKEak adierazitakoaren arabera, uholdeen ondorioz hildakoak zazpi aldiz gehiago dira desberdinkeria handiagoko herrialdeetan.

Kalkulatu dute gehiegizko isurien eta beroaren eraginez 1,3 milioi pertsona hilko direla, gehienak 2020 eta 2030 bitartean. «Klima aldaketaren ondorioek gehiago eragingo diete ardura gutxien dutenei: pobreak diren eta baztertuta daudenei, eta etorkizuneko belaunaldiei. Egungo ekonomia eta kontsumo eredua jasanezina da. Praktika suntsikorrak amaitu behar dira, eta soluzio jasangarriak hartu», esan du Benavidesek.

COP28

Azaroaren 30ean hasiko da COP28 klima aldaketari buruzko Nazio Batuen Erakundearen konferentzia, Arabiar Emirerri Batuetan, Dubain. Petrolio ekoizlerik handienetarikoa da emirerria, zerrendan zazpigarren postuan baitago. Batu. Ekin. Bete da goi bileraren izena, eta deskarbonizaziorako bidea alde guztiek batera egitea dute helburu, petrolio industriak barne, Simon Stiell NBEko Klima Aldaketaren idazkari exekutiboak azaldu zuen moduan.

2022an onartutako Galeren eta Kalteen Funtsa indartzea izango da konferentziaren helburuetako bat. Funts hori klima aldaketaren ondorioak gehien pairatzen dituztenak konpentsatzeko da. Bestalde, trantsizio ekologikoa eta energia iturri berriztagarrien zabalpena azkartzeko helburua ere badute. Horrez gain, zortzi urteren ostean, 2015eko Parisko Hitzarmenak izan duen eragina ere aztertuko dute.

Testuinguru berezian egingo da goi bilera; izan ere, azken urteetako gertakariek, Ukrainako inbasioak batez ere, asko aldatu dute egoera. Alde batetik, asko indartu eta azkartu da zentral eolikoen eta fotovoltaikoen eraikuntza, baina atzerapausoak ere egon dira, eta Alemania da horren adibide garbia. Duela urte batzuk zentral nuklearrak ixtea erabaki zuen, Errusiako gas merkeaz hornitzen baitzuen herrialdeko industria, Nord Stream gasbideen bitartez. Gerra dela eta, iturri hori itxi egin dute, eta, zentral nuklearren bukaera atzeratu ordez, ikatz gehiago erretzea erabaki du Europako herrialderik industrializatuenak.

Arabiar Emirerri Batuei beren burua zuritzea egotzi diete, konferentzia antolatzeagatik. Wikipediako erabiltzaile batek salatu zuen emirerriko petrolio konpainiak, ADNOCek, ordaindu egin ziola munduko online entziklopediarik handienean bere irudia garbitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.