Distira duen oro, ez da urre; ezta disdira duen euro oro ere. Ajea iritsi zen atzo, bezperako parrandaren ostean. Eurogunearena ez da egun bakarrean konpontzen, baina onbideratzen hasi den susmoa dute txerritxo ehiztariek. Estatuek defizita murrizteko gai direla erakutsi beharko dute, ordea, konfiantza berreskuratuko bada. Atzoko galerekin ere (%3,32 galdu zuen Ibex-35ek), 10.000 puntuen langari eutsi zion Espainiako indize nagusiak. Dibidendua ordaindu zuen Edurnezuriz harago (-%3,69), bankuen artean %4na pasa galdu zuten Popular eta Sabadellek eta %3na pasa Santander eta BBVAk; Sacyrrek ere (-%5,41) gorriak ikusi zituen eta energia alorrean izan ziren galera apalagoak: Iberdrola(-%2,749) edota Repsol-YPFn (-%1,38), kasu. Gorabehera handiko egunak dira burtsan eta ezin da arreta galdu; txikizkariek tentu handiz mugitu behar dute, mugitzekotan. Atzo 3.751 milioiren salerosketa izan zen; egun arruntetan halako bi.
OHL.Villar Mir buru duen OHL (-%0,23) eraikuntza enpresak ia 34 milioi irabazi ditu aurtengo lehen hiruhilekoan, iaz epe berean baino %64 gehiago. %6,3 gehiago fakturatuz lortu du hori, kontzesioen eta nazioarteko eraikuntzari esker.
Telefonica. Edurnezurik Brasilgo mugikorren alorra indartu nahi du, finkoetan duen frankizia sendotzeko. 5.400 milioiren eskaintza egin dio Vivo operadorearen %50 duen Portugal Telecom bazkideari. Desesperazioa sumatu dio hainbatek Telefonicari.
Distira duen euro
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu