«Eusko Jaurlaritzaren 2013ko aurrekontuak doikuntza argiak ekarriko ditu, urte horretarako krisiaren irteera motela aurreikusten delako, eta izugarrizko ziurgabetasuna izango delako». Hala jakinarazi zuen atzo Carlos Agirre Ekonomia eta Ogasun sailburuak Bilbon, Jaurlaritzak antolatutako finantza politikaren inguruko jardunaldi batzuen inaugurazioan.
Agirreren arabera, Europako Batasuneko ordezkariak atzo eta gaur Bruselan egiten ari direngoi bileran erabakitzen denak baldintzatuko du aurrekontuaren gidalerroa, defizit helburuari dagokionez, behinik behin. «Erabakitzen denak zehaztuko du, era batean edo bestean, zenbat haziko den ekonomia aurten, eta zeintzuk izango diren datorren urterako aurreikuspenak», adierazi zuen. Datorren urteko aurrekontuko doikuntzetako batzuk zehaztuak dituzte dagoeneko, Agirrek azaldu zuenez, eta bestelako neurri batzuk «uda ondoren» aztertuko dituzte. Kontu publikoen inguruan alderdi politikoekin negoziatzeko prest agertu zen Agirre.
Bruselako goi bileraz baliatuz, Europako egungo politika ekonomikoa kritikatu zuen Agirrek, «okerra» delakoan. «Bruselak aurrekontuen egonkortasunaren eta orekaren inguruan zehazten dituenak oso kaltegarriak dira gure ekonomiarentzat». Horrekin batera, «murrizketak murrizketen gainetik» egiteak «atzeraldira» daramala salatu zuen sailburuak.
511 milioi euroren eskaera
Espainiako egoera ekonomikoa ere hizpide izan zuen Agirrek, zorpetze eta langabezia tasa handiak aipatuz. «Ez da bidezkoa jendea etsipenera eramatea», azaldu zuen.
Jaurlaritzak atzo salatu zuen Espainiako Gobernuak 511,1 milioi euro zor dizkiola, kupoaren eguneratzeagatik eta eskumenen finantzaketatik, eta kopuru hori ordaindu nahi ez izatea leporatu zion. Hala jakinarazi zion Agirre sailburuak Ricardo Gatzagaetxebarria EAJko legebiltzarkideari, hark kopuru horren inguruan egindako galderari erantzunez.
«Doikuntza argiak» Jaurlaritzaren aurrekontuetan
Krisiaren irtenbide motelak 2013ko kontuetan eragina izango duela esan du Agirre sailburuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu