Dolar erreserbak murriztu nahi ditu Txinak

Atzerriko diru erreserben %70etik gora dolar aktiboetan inbertitua du, eta aldaketak dolarra beherantz bultza dezake

Erredakzioa
DONOSTIA
2006ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Dolarrarekiko menpekotasunetik pixkanaka askatzen ari da Txina. Hein batean, Txinako hazkunde ekonomiko itzela kanpo merkataritzan oinarritu da. Merke esportatu ahal izateko, azken urteetan yuanaren balioa dolarraren maila berean mantendu du. Horretarako dolar aktiboak erosi eta erosi ibili da Txina, eta ondorioz, dolarretan diru erreserba handiak pilatu ditu.

Morgan Stanleyren arabera, abenduan erreserba ofizialak 770 milioi dolarrera iritsi ziren, eta urtebetean %50 handitu ziren. Aurten bilioi bat dolarrera irits daitekeela kalkulatzen da. Ekonomisten arabera, erreserba horietatik %70 dolar aktiboetan inbertitu ditu Txinak. Orain arte ekonomikoki onurak ekarri dizkion lotura horrek, baina, arazo larriak eragin diezazkioke Txinari. AEBetako desoreka makroekonomikoek dolarrari eta ondorioz yuanari kalte egin diezaiekete, Txina krisian murgilduz. Horregatik, pixkanaka lotura hori amaitzera behartua dago Txina.Uztailean ekin zion kate horiek hausteari, 1994tik lehen aldiz yuana errebaluatu zuenean. Ostegunean Safe Atzerriko Erreserben Estatu Administrazioak webgunean iragarri zuenez, aurtengo helburuetako bat da «atzerriko diru erreserben kudeaketa hobetzea, eta erreserbok modu eraginkorrean erabiltzeko bideak aztertzea».Adituen arabera, hizkuntz «lausoan» bada ere, lehen aldiz dolar aktiboetatik askatuz joan eta erreserbak dibertsifikatzeko asmoa iragarri du Safek: «Mugimendu sotila baina argia da. AEBetako dolarretik atzerriko beste diruetara mugitzeko interesa agertzen du», argitu zion Stephen Green ekonomistak Financial Times egunkariari. Ikusteko dago zer indarrarekin egiten duen mugimendua Txinak. Dolarraren balioa beherantz bultza dezake nabarmen eta finantza merkatuetan eragin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.