Gipuzkoako Aldundiak eta Donostiako Udalak elkarlanean egindako zentroa izango da, eta Zuatzuko enpresa parkean izango du egoitza. 250 metro koadro izango ditu, industriei formakuntza emateko areto bat, eta I+Grako laborategi bat. Azken horri garrantzi berezia eman dio Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapeneko diputatuak, horretan produktuak eta zerbitzuak seguruak direla frogatu ahal izango dutelako industriek. Datorren urtearen hasieran ireki nahi dute.
Markel Olano ahaldun nagusiak justifikatu duenez, "industria egitura berritzen ari da, eta industriak mundu berrira egokitu behar du". Egokitzapen horretan "hil ala bizikoa" iruditu zaio zibersegurtasuna lantzeko gune bat, inkesta batek erakutsi dielako Gipuzkoako enpresak ez daudela prest Internet bidezko erasoei aurre egiteko. Horrela, %53k erasoren bat jaso badute ere, industria enpresen %71k ez dute langile espezializaturik horiei aurre egiteko. Hirutik batek bakarrak du protokolo bat erasoei aurre egiteko.
Aizpurik azaldu duenez, zentroak bultzada bat eman nahi die arlo horretan lan egin nahi duten enpresei. Izan ere, arrisku bat ez ezik, zibersegurtasuna negozio gisa ikusten du foru aldundiak.
Bigarren zentroa
Donostiakoa Euskal Herrian zibersegurtasuna lantzeko jarriko duten bigarren zentroa da. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak ere bere gunea zabaldu du, Miñaoko parke teknologikoan (Araba). Jaurlaritzarena, ordea, orokorragoa da, eta ez dago soilik enpresei begira. Bi zentroen arteko osagarritasuna lantzen ari dela ziurtatu du Aizpuruk. "Ez dute talkarik egingo". Gipuzkoako enpresei ez ezik, Donostiakoa beste lurraldeetakoei ere zabalik izango dela zehaztu du.
Jaurlaritzak Gipuzkoa bere zentrorako ez aukeratu izana gaizki hartu zuen Olanoren aldundiak, baina gaur kritikak alde batera utzi nahi dituela zehaztu du diputatu nagusiak, ez baitu "negarti" izan nahi. "Ez diet beste instituzioei begiratu nahi, Gipuzkoa lider izatea nahi dut". Hori bai, eskatu du "erreferentziazko zentroak" jartzeko orduan oreka mantendu behar dela Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren artean.