«Duela bi urte genioen gauza bera dio dosierrak, batzuetan hitzez hitz»

Mobilizazioekin jarraituko dutela esan dute, bermerik ez duten langileen eskubideak aldarrikatzeko

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Babcockeko langileen ordezkariak lana erregulatzeko dosierraren inguruan zuzendaritzarekin negoziatzen hasteko zain daude.Dagoeneko jakinarazi dute, ordea, mobilizazioekin jarraitu egingo dutela, enpresak bermerik eskaintzen ez dien langileen eskubideak aldarrikatzeko. Enrique Izquierdo langile batzordeko presidentearen arabera, ia 200 lagun dira egoera horretan daudenak.

Babcockeko langile batzordea atzo bildu zen enplegua erregulatzeko espedienteaz hitz egiteko, eta, Izquierdok jakinarazitakoaren arabera, «orain dela bi urte genioen gauza bera dio dosierrak, batzuetan hitzez hitz». Ezkerraldeko enpresak etenik gabeko galerak dituela azaltzen du espedienteak; 2006. eta 2009. urteen artean galera horiek 94 milioi eurorenak izan direla zehazten du, gainera. «Gu egoera horren berri ematen ari ginen behin eta berriz, eta azpimarratzen genuen ia urtero 20 milioi euro galtzen ari zela enpresa, baina SEPIk eta gainerako erakundeek ez zuten horrelakorik ikusten. Gure ustez, dosier hau aurreikusitako heriotza baten diagnostikoa besterik ez da», Izquierdoren ustez.

Babcockeko langileen ordezkariak Eusko Jaurlaritzako Industria Sustatzeko eta Eraldatzeko Baltzuarekin (SPRI) batzartzekoak dira martxoaren 2an, kaleratuko dituzten langileen baldintzen inguruan hitz egiteko. Bien bitartean, sindikatuek mobilizazioak egingo dituzte SPRIk Bilbon duen eraikinaren aurrean, bizi duten egoera salatzeko.

Kaleratzeak, pixkanaka

Dosierraren arabera, enpresak pixkanaka kaleratuko ditu langileak, dituen eskaerei erantzun egin nahi dielako. Hala, zenbait langilek euren lanpostuetan jarraitu beharko dute abendura arte, enpresa ixteak sortuko dituen bulego lanak amaitzeko. Hala eman du jakitera langileen batzordeak.

Kale gorrian geratuko diren langileen egoera konpontzen saiatzea da orain langileen ordezkarien nahia. Enrique Izquierdok esandakoaren arabera, «Babcockeko eraikinetan proiektu industrial berri bat martxan jartzeko asmoa erakutsi dute hainbat erakundek». Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak esan du industrialde horretan garatuko dituzten jarduera berri horien jarraipena egiteko konpromisoa hartu duela.

Gaur egungo egoerara iritsi aurretik, garai hobeak ere ezagutu zituen Babcockek. Garairik onenean, 6.000 langile ingururi ematen zion jatekoa. Gaur egun, 400 langile aritzen dira lanean, eta horietatik 115ek erretiro aurreratua hartu ahal izango dute, 52 urtetik gora baitauzkate. Beste 25 langilek datozen egunetan hartuko dute erretiro aurreratua.

Langile batzordeko presidentea haserre agertu da oraingo egoera «kudeaketa txar baten ondorioa izan delako», eta azpimarratu du enpresak azpiegitura nahikoak dauzkala oraindik ere lanean jarraitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.