EAEko 260 zordunik handienek 719 milioi euro zor dizkiete ogasunei

23 izen gehiago daude zerrendan, eta pilatutako zorra %8 igo da. Zorra Araban handitu da gehien, Iraculis familiaren negozioei lotutako porroten ondorioz. Enpresak dira zordun handien %95

Ivan Santamaria.
2017ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek milioi bat euro baino gehiago zor dituzten 260 zergapeko identifikatu dituzte, eta haien izenak publiko egin. Aurreko zerrendan baino 23 izen gehiago daude. Guztien artean, 719 milioi euroko zorpetzea dute pilatuta eta kitatu gabe erakunde pubikoekin. Kopurua %8 handitu da urte batetik bestera, eta joan den urtean baino 54 milioi euro gehiago dira. Hazkunde oso handia izan da Araban, eta apalagoa Bizkaian eta Gipuzkoan.

Foru aldundiek joan den urteko irailean argitaratu zituzten lehen aldiz zordun handien zerrendak, zerga araudian egindako aldaketa bati jarraituz. Ogasunari milioi bat baino gehiago zor dioten zergapekoak ageri dira dira. Orduan, 2016ko martxoaren 31n zegoen egoera hartu zen kontuan. Bederatzi hilabete geroago, zerrendak berritu dituzte ogasunek, iazko urtearen amaieran zeuden datuak erabilita. Foru arauak dio zordun handien zerrenda urtero argitaratu beharko dutela administrazioek, beranduenez urteko lehen seihilekoa amaitu baino lehen. Legeak baimentzen dien azken egunera arte itxaron dute.

Espero zitekeen bezala, zordun handien artean ez dago aldaketa askorik. Salbuespenak salbuespen, aurreko urtean identifikatuta zeuden pertsona fisiko eta juridiko gehienek hor jarraitzen dute. Batzuk inertziaren ondorioz sartu dira. Daukaten zorraren interesak pilatu ahala, milioi bateko muga gutxigatik gainditu duten batzuk daude. Hiru hilabetez, haien izenak eta IFZ zenbakiak ikusgai egongo dira aldundien webguneetan, eta, ondoren, ezabatu egingo dituzte. Borondatezko epean ordaindu ez duten eta zorra zatikatzeko edo atzeratzeko itunik hitzartu ez duten zordunak daude zerrenda horietan.

Gutxi aldatu da, halaber, zordun handien izaera juridikoa. Ia denak dira enpresak, eta gehienak krisiarekin lotutako porrotak eta likidazio prozesuak igaro dituzte. Hain zuzen ere, %95 dira pertsona juridikoak, eta %5 baino ez pertsona fisikoak. Azken horiek hamalau baino ez dira. Aurreko zerrendako hamahiru izenek segitzen dute, eta beste bat gehitu zaie, Bizkaian. Partikular horiek 21,7 milioi dituzte ordaindu gabe, zor guztiaren %3. Zor handiena Macario Gonzalez Sanchezek du, ardoaren sektoreari lotutako pertsona: 4,2 milioi zor dizkio Arabako Ogasunari.

Araban, eraikuntza

Herrialdez herrialde, aldaketa aipagarrienak Araban gertatu dira. Bai zordun kopuruan —26 ziren lehen, eta 40 orain—, bai pilatutako zorpetzean —%44 igo da: 76 milioi eurotik 110 milioi eurora—. Neurri handi batean, higiezinen eta eraikuntzaren enpresa jakin batzuk utzitako zuloaren ondorio da igoera handia. Beste bi herrialdeetan, gutxiago mugitu dira kopuruak. Gipuzkoan, 65 zordun ageri dira —zazpi berri sartu dira, eta lau atera—, eta pilatutako zorpetzea %9,7 handitu da, 167 milioi euroraino. Azkenik, Bizkaian iaz baino sei zergadun gehiago ageri dira argitalpenean, eta zorpetzearen zenbatekoa 6,4 milioi euro gizendu da; 442 milioi euroraino. Nafarroako Ogasunak orain dela aste batzuk jakinarazi zuen bere zerrenda: 237,9 milioi zor dizkioten 316 zordun handi identifikatu zituen. Ez dira kopuru alderagarriak, ordea, 250.000 eurotik gorako zordun guztiak sartzen baititu Nafarroak.

Abizen bati lotuta daude Araban izen berri gehienak: Iraculis. Andres eta Anton anaien negozio ezberdinen hondoratzeak zordun handien zerrendara eraman ditu. Andres Iraculisen Urco-Urbasa eraikuntza enpresak 10,4 milioiko zorra du pilatuta ogasunarekin. Beste pare bat milioi ditu atzeratuta Bizkaian. Haren anaiaren Urvasco taldeak —hotel eta higiezin kontuetan aritzen dena— eta bere Miaspe eta Moaba filialek 3,5 milioi zor dituzte, denen artean. Zerrendan sartu da Holtza ere. Egurrezko egiturak egiten zituen enpresak porrot egin zuen, eta 3,1 milioi zor dizkio aldundiari. Legution zeukan lantegia Bizkaiko Egoin konpainiaren esku geratu zen orain dela hiru urte.

Cegasa enpresa historikoa sartu da zordun handien artean, milioi bateko muga gaindituta. Haatik, herrialdeko zordun handiena da oraindik ere Ros Casares altzairu sektoreko talde valentziarra. Lantegi eta filial ezberdinak aintzat hartuta, 32,4 milioi euroko zorra dauka.

Bizkaian ere eraikuntzarekin zerikusia du aldaketa nagusiak. Abaroa higiezin agentziak 16 milioi zor ditu. Borondatezko konkurtso lehiaketan dago enpresa, zorrak itota. Nortedison Electric (2,2 milioi) berria da, halaber. Argindarra merkaturatzen zuen enpresa da, eta, ia,z Espainiako Industria Ministerioak jarduera horretan segitzeko baimena kendu zion. Herrialdeko zordun handiena Iurbenor da, 52 milioi eurorekin. Jabyer Fernandez enpresaburuari lotutako hainbat negoziok beste hamar milioi inguru zor dituzte.

Gipuzkoan, zazpi enpresa zerrendan sartu dira, horietan artean Donostiako El Rincon del Ebanista (5,98 milioi) eta Ingenieria Mantenimiento de Infraestructuras (4,58 milioi), eta Papelera de Amaroz (2,99 milioi).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.