EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio Uberri

2021eko ekainaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
BILBO. EAEko Auzitegi Nagusiak neurri batean arrazoia eman dio Uber auto gidaridun enpresari, eta bertan behera utzi ditu zerbitzu hori arautzen duen Eusko Jaurlaritzaren dekretuaren bi puntu: zerbitzua eskatu eta aktibatu artean 30 minutuko itxarote-tartea uzteko obligazioa eta geolokalizazioaren berri emateko debekua.

Hego Euskal Herrian, 2019ko udazkenean hasi ziren zerbitzu hori ematen, plataforma digitalen bidez. Taxilarien kexei erantzunez, Jaurlaritzak dekretu bat egin zuen, eta Uberrek helegitea jarri zuen horren kontra. Araua onartu aurretik, baina, Lehiaren Euskal Agintaritzak txosten bat igorri zuen, esanez neurri baztertzaile eta murriztaileak zituela: besteak beste, gehiegizkotzat jo zuen itxarote-tarteari buruzkoa. Dena den, Jaurlaritzak aurrera jarraitu zuen, eta 2020aren hasieran indarrean sartu zuen dekretua.

Orain, EAEko Auzitegi Nagusiak gauza bera adierazi du, eta araudiaren bi puntu indargabetu ditu. Itxarote tarteak enpresa askatasuna urra dezakeela dio, eta geolokalizazioaz, bezeroentzako tresna erabilgarria dela, zerbitzua aldez aurretik kontratatu behar delako. Taxi gidarien elkarteak Auzitegi Gorenera jotzea aztertzen ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.