Krisia herritarrengan eragin zuzena izaten ari dela dio Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren (KES)2011ko txostenak. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian bizi-kalitateak behera egin du, eta une honetan biztanleen %9,4 pobreziaren mugatik behera bizi dira, eta %6,6 baliabideak eskuratu ezinik dabiltza. Hala ere, datu horiek ez dira horren txarrak, euroguneko batez bestekoarekin alderatuz gero: %16,4 pobrezian daude, eta %13,5ek ez dute erosteko ahalmenik.
Baliabide eskasiak, eta txirotasunak, ordea, ez die gizarteko sektore guztiei era berean eragiten. Etorkinen kolektiboa dago okerren. Eta horren adierazle da KESek emandako datua: etxeko diru sarrera nagusia pertsona atzerritar baten eskutik datorrenean, %51,3k ez dauka erosteko ahalmenik. Bertako biztanleen kasuan, kopurua %6,1eraino jaisten da.
«Txirotasunari aurre egiteko baliabide gehiago jarri behar dira; batez ere, ahulenak diren kolektiboei laguntzeko», Juan Maria Otaegi KESeko presidenteak adierazi duenez. Horretarako, uste du martxan jarri behar direla hainbat egitasmo, beren barruan alor ugari hartuko lituzketenak; «lan politikak, diru laguntza eta zerga sistema, kalitatezko zerbitzu publikoak, hezkuntza eta haurren eskubideak bermatuko» lituzkeen erabakiak eskatu ditu.
Lan politikan, «ahalegina»
Eskaera egin duen arren, Eusko Jaurlaritzari aurrekontuetan egindako «ahalegina» eskertu nahi izan dio. Izan ere, langabe bakoitzeko, batez beste, 2.883 euro gastatu zituen Jaurlaritzak lan politika aktiboetan. Espainiako kopuruaren halako bi (batez besteo 1.464 euro). «Lanik ez duten pertsonak lanera itzul daitezen laguntzeko, era honetako politikak oso garrantzitsuak dira», Otaegik azaldu duenez.
KESek aurkeztutako txostenaren arabera, gizarteratzeko eta diru sarrerak bermatzeko sistemak 418 milioi euro gastatu zituen 2011n. Aurreko urtearekin alderatuta %7,2ko hazkundea izan zuen. Espainiako autonomia erkidegoekin alderatuta, EAEk mendekotasun legea garatuago daukala azpimarratu du. Eta ez hori bakarrik. Diru sarrerak bermatzeko errentaren hazkunde horrek, langabezia saria jaso zuten pertsonen beherakadari aurre egin ahal izan zion.
Langabeziak, berriz, gora egin zuen, eta %11,2ra iritsi zen. Otaegik, hala ere, gogora ekarri du 1985eko eta 1993ko krisi ekonomikoen garaian tasa %21 eta %24ko kopuruak izatera iritsi zela. Are gehiago, 1985 eta 2000 urteen artean lanik gabeko pertsonen batez bestekoa ez zen %15etik jaitsi. Beraz, «une honetan egoera hobean gaude, argi eta garbi».
I+G+Bko gastuak, gora
Langabeziari eta krisiari aurre egiteko, ikerketaren arloa ezinbestekoa izango da etorkizunean. Ikerketa garapena eta berrikuntzara diru gehien bideratzen duen erkidegoa da EAE, «arlo honetan, aktiboena da», Otaegik azaldu duenez. Hala ere, Europako helburuak lortzeko oraindik bidea dago. Baina Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia ildo horretan lan egiten ari direla esan du KESeko presidenteak. 2011n %6,2 hazi zen I+G+Bn jarritako diru kopurua aurreko urtearekin alderatuz gero. Europako Batasuneko herrialdeek batez beste %2,01 hazi zuten epe horretan. Bide horri eusteko eskatu du Otaegik.
EAEko biztanleen %9,4 pobrezian bizi dira
Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren txostenaren arabera, etorkinen %51,3k ez dauka erosteko ahalmenikLan politika aktiboetan, Eusko Jaurlaritzak egindako ahalegina eskertu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu