Gregorio Rojo Arabako Vital kutxako presidenteak EAEko kutxen bategitearen alde sutsu egiten duen idatzia plazaratu du gaur zenbait komunikabidetan. Rojok idatzitako artikuluaren arabera, bategitea ezinbestekoa eta lehenbailehen egin beharrekoa da galbidean ez jartzeko.
Arabako Vital, Bizkaiko BBK eta Gipuzkoak Kutxa batzeko kontua da ez da oraingo auzia. 2005etik aritu izan dira finantza erakunde horiek eztabaida horretan, baina oraindik ez da gauzatu. Areago, EAJren ingurutik Vitali eta Rojo berari egotzi izan diote bategitea oztopatzea, PSE-EEk bultzatutako ordezkaria izanik alderdi horren interesen arabera aritzea leporatuta.
Vitalek fusioarekin bat egiteko asmorik ez zuela iritzita, biak elkartzeko saioa egin zuten 2008an BBK-k eta Kutxak, baina, azkenean, Kutxan ez zen onartu.
Orain BBK izan da Rojoren proposamena hotz hartu duena. Lehendik esandakoaren ildotik, aurtengoa, 2010, krisi ekonomikoari aurre egiteko urtea dela berretsi dute BBK-ko iturriek, eta 2011 arte atzeratuko dituztela bategitearen ildoko ekimen guztiak.
Ekonomia