LAB sindikatuak aurkeztutako salaketa aintzat hartu, eta hainbat irregulartasun egitea egotzi dio Eusko Jaurlaritzaren Lan Ikuskaritzak Trapagarango (Bizkaia) Amazon enpresari: batetik, ohartarazi dio istripuei buruzko dokumentuak —osasun laguntza eskatzeko agiria, ezbeharraren jakinarazpena eta ikerketa txostena— ezin direla bateratu. Bestalde, istripu baten izaera lanekoa den ala ez erabakitzea Amazoni ez dagokiola azpimarratu du lan ikuskaritzak. Enpresak 60 eguneko epea dauka irregulartasun horiek zuzentzeko.
Amazonek, «legez kanpo», dokumentu bakarrean bateratzen zituen hainbat datu, LAB sindikatuak txarretsi duenez: mutualitatera joateko agiria, lan istripuaren jakinarazpena eta ezbeharraren ikerketa txostena. «Praktika horrek langileengan presioa eragiten zuen, eta osasun laguntzarako eskubidearen erabilera oztopatu». Langileen ordezkariek gaineratu dutenez, «enpresak berak aurrez baloratzen zuen kalteen jatorria, istripua lanekoa ote zen ala ez esateko, osasun laguntza baldintzatuz».
Lan ikuskaritzaren arabera, «informazio mota ezberdinak bateratuta daude fitxategi bakarrean», eta horrek «zaildu egiten du beharrezko dokumentazioa bereizita aztertzea eta identifikatzea». Ondorioz, «informazio eskubidea oztopatzen da, eta osasun kalteei jarraipen eraginkorra egitea ia ezinezkoa bihurtzen da».
Halaber, ikuskaritzak gaitzetsi du «enpresak lan istripuaren aurretiazko aitortzaren arabera baldintzatzen duela mediku laguntzarako agiria ematea», eta horrek ez du bat egiten aplikatu beharreko araudiarekin. Ohartarazi duenez, enpresak «berehala» eman behar du agiria, «istripuaren izaerari buruzko epairik edo aurretiazko baloraziorik egin gabe».
Horrez gain, LABek txarretsi duenez, «enpresak ez die eman langileei inolako prestakuntza eguneraturik, ezta larrialdi edo istripu egoeretan nola jokatu jakiteko informaziorik ere». Horrek zuzenean urratuko luke Lan Arriskuen Prebentzioari Buruzko Legea.