Negoziazio kolektiboa «blokeatuta» dago oraindik ere Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta urteko lehen bost hilabeteetan ez da ia hitzarmenik berritu. Horiek horrela, EAEko Lan Harremanen Kontseiluak «muturreko aurreikuspena» egin du: blokeo egoerak bere horretan jarraitzen badu, 293.627 langile negoziazio kolektibotik kanpo gera daitezke, %62, alegia. Kanpo geratuko lirateke Espainiako itunetara egokitu beharko liratekeelako, eta esparru horretan ez legokeelako haientzako lekurik. Iazko datuak jasotzen dituen txostena aurkeztu zuen atzo Lan Harremanen Kontseiluak, Bilbon.
Lan erreformaren arabera, EAEn negoziatzen diren hitzarmenak berritzea lortu ezean, itun horiek Espainian negoziatu beharko dira. Ultraaktibitatea mugatzearen ondorio da hori. Zer esan nahi du horrek? Hitzarmen bat epez pasatu eta hurrengo bi urteetan berritu ezean, ezin dela gehiago aplikatu eta, beraz, hutsetik negoziatu beharko direla puntu guztiak. Gaur egun, langileen %80,7k EAEko hitzarmenak dituzte, eta %19,3k, Espainiakoak.
Azken urtean lan erregulazio espedienteen kopurua igo dela jaso du Lan Harremanen Kontseiluak, eta krisi egoerari egotzi dio igoerari hori. Kontseiluaren arabera, urteko lehen seihilekoan ia iaz adina espediente aurkeztu dira. 2012an 38.484 langileri eragingo diete espedienteek.
Iaz EAEn ekonomia apur bat suspertu zela biltzen du txostenak, baina hori ez zen nahikoa izan enplegua sortzeko. Susperraldi hori industria jardueraren gorakadan oinarritu zen, baita atzerrira egindako esportazioen gorakadan ere. Aurreikuspenetan oinarrituta, BPG barne produktu gordina %1,3 uzkurtzea espero du kontseiluak.
EAEn ia 300.000 langile negoziazio kolektibotik kanpo gera daitezke
Lan Harremanen Kontseiluak ziurtatu du negoziazioa «blokeatuta» dagoela oraindik ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu