EAErako hitzarmen propioa eskatu dute enplegurako zentro berezietako langileek

Espainiako hitzarmenaren menpe edo enpresetako itunen menpe daude gaur-gaurkoz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zentro berezietako langileak. Behargin batzuen «baldintza miserableak» salatu dituzte sindikatuek.

Sindikatuek Donostian egin dute elkarretaratzea, Gureak-en egoitzan. FOKU
Sindikatuek Donostian egin dute elkarretaratzea, Gureak-en egoitzan. FOKU
Donostia
2025eko uztailaren 15a
16:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Kexu dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enplegurako zentro berezietako langileak eta ordezkariak. Hitzarmen propio bat nahi dute, inoiz izan ez duten hitzarmen bat, Espainiakoa aplikatzen baitzaie sektorean aritzen ari diren 14.000 langileei. Patronalek, ordea, ez dute negoziatu nahi. Elbarritasunak dituztenak enplegatzen dituzte zentro bereziek.

Enpresen itxikeria salatzeko, elkarretaratzea egin dute gaur goizean zentro berezietako sindikatuetako ordezkariek eta langile batzuek, Gureak-ek Donostian duen egoitzaren aurrean. «EHLABE, entzun, zu zara errudun!», oihukatu dute, besteak beste. ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta USO sindikatuek deitu dute protestara, eta Patxi Ventura Lantegi Batuak erakundeko ELAko ordezkariak hitz egin du denen izenean. Azaldu duenez, «estatuko hitzarmenak baldintza miserableak ditu, eta hitzarmen hobea behar dugu hemen, bizi baldintza ezberdinak ditugulako». Besteak beste, 1.500 euroko gutxieneko soldata eskatzen dute, eta ez oraingo hitzarmenak ezartzen duena, Espainiako gutxieneko soldata, alegia —1.184 euro dira—.

Eskakizun horren harira, aurten hiru bilera egin dituzte sindikatuek zentro berezietako patronalekin. Baina momentuz, enpresen ordezkariek ez dute negoziazio mahairik osatu nahi izan. Patronal txikiak —Berezilan da horietako bat— mahaira agertu dira, baina esan dute ez dutela ordezkaritza nahikorik negoziatu ahal izateko. Venturak azaldu du beste jarrera bat duela EHLABE Euskal Herriko Lan Babestuaren Elkarteak: talde horrek esan du negoziazioak ez direla haien ardura, eta ez du mahaia osatu nahi izan, euren enpresetan hitzarmen propioak dituztelako eta hitzarmen horietan ezarritako baldintzak Espainiako hitzarmenekoak baino hobeak direlako.

ELAko ordezkariak, ordea, ohartarazi du hitzarmen horiek ez direla guztiz ziurrak: «Baliteke gaur enpresa handiek hitzarmena edukitzea, baina bihar hitzarmena amaituko da agian, eta ez da berriro negoziatuko». Beraz, sindikatuek proposatu duten hitzarmen autonomikoaren helburua zera da, gutxieneko baldintza batzuk ezartzea sektoreko langile guztientzat.

Arazo nagusia, Venturaren arabera, enpresa txikiagoetan dago. Horietako asko azken urteetan sortu dira, eta irabazi asmoak dituzte. Horrelakoetan, estatuko hitzarmenean dioena jasotzen dute langileek; tartean, Espainiako lanbide arteko gutxieneko soldata. «40, 50, 60 langileko zentro berezi askotan dituzte langileek baldintza desegokiak, gure iritziz».

 

14.000

Zentro berezietan zenbat langile elbarri aritzen diren. Enplegurako zentro berezietan elbarritasun fisiko, psikiko edota sentsoriala duten 14.000 langile aritzen dira. Horien ia erdiak, 6.100 langile inguru, Gureak taldean jarduten dira, nagusiki Gipuzkoan. Bizkaian, Lantegi Batuak fundazioak 2.400 langile inguru ditu; Indesak mila langiletik gora ditu Araban, eta Katea Legaiak 700 langile inguru ditu Gipuzkoan. Horiek dira enplegurako zentro berezi handienak, eta irabazi asmorik gabeak.

Enplegurako zentro berezietako patronalen «arduragabekeria» salatu dute sindikatuek, EHLABErena bereziki, eta Berezilanena ere bai. Eta negoziazioak «blokeatuta» daudela ikusita, Confebask patronalari eta administrazioei ere egin diete dei sindikatuek, hitzarmena negoziatzera esertzeko.

Elbarritasunen bat duten langileek Espainiako gutxieneko soldataren %50eko diru laguntza jasotzen dute administrazioen eskutik, Gizarte Segurantzan kotizatzetik salbuetsita daude, eta diputazioek laguntzak ematen dituzte enpresa handienen hitzarmenetan. Beraz, administrazioen inplikazioa ere «beharrezkotzat» jotzen dute sindikatuek hitzarmena lortzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.