ekoNOMIA

EAJ abstenitu egingo da lan erreformaren bozketan

Espainiako Gobernuaren egitasmoa ez zaio nahikoa iruditzen, "eta ez du lan harremanetarako euskal esparruaren existentzia errespetatzen". Bihar arratsaldean bozkatuko dute Kongresuan. Patxi Lopezek uste du erreforma "beharrezkoa" dela eta, gainera, "berandu" datorrela.

2010eko ekainaren 21a
19:02
Entzun
EAJk gaur arratsaldean jakinarazi du bere parlamentarioak abstenitu egingo direla bihar Espainiako Kongresuan lan erreformaren bozketan. Espainiako Gobernuak (PSOE) prestatutako lan erreforma "ez da nahikoa eta ez du lan harremanetarako euskal esparruaren existentzia errespetatzen", dio EAJren oharrak. 16:00etan hasiko da Kongresuko biharko saioa. PSOEk ez du gehiengo osoa parlamentuan.

Euzkadi Buru Batzarraren bileran hartu du abstenitzeko erabakia EAJk. "Gobernuak langileak kaleratzeko erreforma onartu du, langileak kontratatzeko erreforma izan behar zenean. Epe motzera ez ditu arazoak konpontzen eta zalantzak sortzen ditu".

Kongresuan lege dekretu bezala tramitatuko dute lan erreformaren egitasmoa, eta modu horixe baino ez zaio ondo iruditzen alderdi jeltzaleari. "Hobekuntzak sartzeko aukera emango digu".

Aldiz, Patxi Lopez (PSE-EE) Eusko Jaurlaritzako lehendakariak adierazi du "beharrezkoa" dela erreforma onartzea. Gainera, moldaketa lehenago egin beharko litzatekeela adierazi du, "berandu" baitator. Arabako enpresaburuen elkartearekin bilera egin du gaur Lopezek. Batzarra ez da jendaurrekoa izan.

Arabako enpresaburuek esan dute lehendakariak "krisiaren unerik okerrenak pasatuta" daudela adierazi diela eta EAEn egoera "duela urtebete baino hobea" dela. Haien aburuz, lan erreforma "hobetu" daiteke, eta lehendakariari eskatu diote euren iritzia igorri dezala Espainiako Gobernura. Hori egitekotan geratu da Lopez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.