Aldeko 197 botorekin eta kontrako 142rekin, Espainiako Diputatuen Kongresuak baliozkotzat jo du Lan Erreformaren lege dekretua. Euskal alderdi bakarrak eman dio aldeko botoa: UPNk. PPz gain, CiU eta Foro Asturias izan dira babesa eman dioten bakarrak. EAJk, Amaiurrek eta Geroa Baik erreformaren kontra egin dute, baita PSOEk,Izquierda Pluralek, UPDk eta Talde Mistoko gainerako alderdiek ere.
Lege dekretua onartu ostean, lege proiektu gisa eztabaidatzea onartu dute aho batez, osoko zuzenketak nahiz partzialak aurkeztu ahal izateko. Horrek aldaketa batzuk egiteko aukera emango du, baina PPk iragarri du ez duela onartuko muina aldatzerik. Besteak beste, kaleratzeak merkatzen ditu erreformak. Enpresek nahikoadute hiru hiruhilekotan jarraian salmentak jaitsi direla justifikatzea kaleratze merkeena, objektiboa, baliatzeko. Hogei eguneko kalte-ordaina ematen da halakoetan. Kaleratze bidegabeen kasuan ere, lan egindako urte bakoitzeko 45 egun izan beharrean, 33 egun ordainduko dituzte. Gehienez 42 hilabeteko soldata ordaindu beharrean, 24koa.
2010ean onartutako lan erreforman, PSOEk bultzatutakoan, abstenitu egin zen EAJ. Atzoko eztabaida saioan Emilio Olabarria diputatuak eman zituen oraingo ezezkoaren arrazoiak: «Enpresaburuei neurriz kanpoko gaitasuna ematen die lan baldintzez baliatzeko». Era berean, kaleratzeak merkatu izana gaitzetsi zuen, «edukiz hustu dituelako kaleratze objektiboak».
Sabino Cuadra Amaiurreko diputatuak gogoratu zuen Euskal Herriko sindikatu guztiak eta Nafarroako Parlamentua bera ere erreformaren aurka daudela. «Beraz, hautesleen %22k soilik egin dute haren alde». Esan zuen herritarrek euren maileguak bertan behera uzteko aukerarik ez duten bitartean, enpresek lan hitzarmenei uko egin diezaieketela sei hilabetean irabaziak murriztuz gero. «Eskulanaren desegituraketa eta negoziazio sindikalaren hustea dira erreformaren helburu nagusiak».
Geroa Bai-k erreformak kontzeptu berri bat sortuko duela esan zuen: «Malgusegurtasun eza ezarriko da, gero eta gehiago nahiko duten merkatuen eskariz», adierazi zuen Uxue Barkos bozeramaileak.
Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidentea, berriz, gustura agertu zen erreformak aurrera egin zuelako. «Enplegua sortuko du, eta enpresa txiki eta ertainei nahiz langile autonomoei lagunduko die. Espainiak hori behar du 2012an». Sindikatuek babesik eman ez izana «pena» dela gaineratu zuen. «Saiatu gara haiekin hitz egiten».
Kongresuak dekretua baliozkotzat jo ostean, CCOOk eta UGTk gaur dute erabakitzekoa greba orokorrik antolatuko duten edo ez. Egitekotan, bi sindikatuetako ordezkariek martxoaren 29an egingo dela aipatu izan dute. Egun horretarako dute deituta Hego Euskal Herrian ELAk, LABek, Eilasek, EHNEk eta ESK-k ere.
EAJ, Amaiur eta Geroa Bairen babesik gabe onartu du lan erreforma Kongresuak
CCOOk eta UGTk gaur erabakiko dute greba orokorrik egingo duten, eta, egitekotan, noiz izango den
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu