EAJk alde bozkatuz gero, aukera bat izan dezake gaur zamaketarien dekretuak

Jeltzaleek gobernuaren alde egiten badute, oposizioak bere diputatu denak beharko ditu legea geratzeko, eta hiru New Yorken zeuden atzo

Iñigo de la Serna Sustapen ministroa Espainiako Kongresuan. MARISCAL / EFE.
xabier martin
2017ko martxoaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez du izango Agatha Christieren nobela batek adinako misteriorik, baina oraindik ez dago batere argi zamaketaren sektorea liberalizatzeko dekretuaren inguruko bozketaren emaitza. PPren aspaldiko porrot politiko handiena dirudienak azken orduko garaipen bihurtzeko aukera txiki bat badu gaur, Espainiako Kongresuan. Ciudadanosek bere boto asmoa aldatu eta baiezkoan delako orain, batetik, eta EAJk zer egingo duen soilik EAJk dakielako, bestetik. Jeltzaleek ere PPren gobernuarekin bat egingo balute, oposizioko beste talde guztiek beren diputatu denen botoak beharko lituzkete dekretua atzera botatzeko. Betiere, Iñigo de la Serna ministroak atzo azken orduan egindako eskaintza PSOEren posizioa aldatzeko gai izan ez bada.

Pernandoren egia dirudien horrek badu mamia ematen dion zertzelada bat: Podemos, ERC eta Compromiseko hiru diputatu New Yorken zeuden atzo; Madrilerako bidean jartzekotan ziren gauean, garaiz iritsi (06:00etan) eta gaur bozkatu ahal izateko. Osoko bilkura 09:00etan hasiko da. PPk bazuen karta bat gordeta, baina ez du ematen jokaldi hori aterako denik. 6.200 zamaketariren lanpostuak kolokan jarriko lituzkeen dekretuak ez bailuke aurrera egin behar Kongresuaren indar orekak bere isla leiala badu bozketan —EAJk egiten duena egiten duela ere—. Bilboko eta Pasaiako portuetan 550 dira enplegua kolokan duten zamaketariak.

Azken orduko eskaintza

Egoerak ez luke zertan horrela izan atzo aldeen arteko bilerak fruituak eman izan balitu. De la Serna Sustapen ministroa bera izan zen zamaketarien abokatuak konbentzitu nahian; ordezkari sindikalak ez ziren egon, «bilera teknikoa» zelako. Enplegua %100 bermaturik dagoela esan zien langileen abokatuei. 55 urtetik gorakoentzat erretiro aurreratua eskaini zuen, egungo soldataren %70 jasota. Halaber, Sagep sozietateari lotutako zamaketarien enpleguak enpresek subrogatuko dituztela agindu zuen; baita gobernuak berregituraketa prozesuetako «laguntza handienak» baliatuko dituela ere, «azken ahalegin gisa». Baina horrek ez zuen sindikatuen jarrera aldatu, nahiz eta ministroak azaldu zien enplegua bermatzeko jarraipen batzorde bat ere eratuko zela.

De la Sernaren proposamenak Ciudadanos konbentzitu du, beraz, eta EAJk zer egiten duen ikusteko dago. Ez dutela ezer baztertzen esan zioten egunkari honi atzo gauean. PSOE, berriz, zamaketarien sindikatuen alboan izango dela espero da, baina azken orduko eskaintza horrek presioa handitu du alderdi horrengan, EBren milioietako isunaren mehatxua gauzatu baitaiteke aurki sektorea lehenbailehen liberalizatzen ez bada.

Edonola ere, PPk ez luke lortuko dekretua onartzea, EAJren botoak izango balitu ere, 174 lortuko lituzkeelako. Kontrakoak 176 lirateke, betiere New Yorketik Espainiara doazen hiru diputatuak garaiz iristen badira. Bidaiariek atzerapenen bat balute, ordea, dekretuak aukera bat luke: EAJren esku geratuko litzateke azken emaitza, PPrekin eta Ciudadanosekin batera 174 boto zenbatuko bailituzke; aurkakoak 173 bototan geratuko lirateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.