EAJk mila milioi euro gutxiago espero ditu Jaurlaritzan 2013an

Jaurlaritzak ez du aurreratuko Finantzen Euskal Kontseiluaren bilera, Legebiltzarrak eskatu badio ere

Agirre eta Mendia, Finantzen Euskal Kontseiluaren bileran, otsailean. ARP.
jakes goikoetxea
Donostia
2012ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak esan zuenaren kontrako efektua lortu du: erakundearen diru kontuak eta Finantzen Euskal Kontseiluaren bilera hauteskundeetako eztabaidagai bihurtzea. Alde batetik, EAJk salatu du Eusko Jaurlaritzaren 2013ko aurrekontuek mila milioi euro gutxiago izango dituztela; EAJk eta PPk gehitu dute Jaurlaritza datua ezkutatzen ari dela; Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaileak «fede txarrez aritzea» leporatu dio EAJri; Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio urriaren 15a baino lehen egin dezala Finantzen Euskal Kontseilua; eta Jaurlaritzak ez du eskaera aintzat hartuko.

Eusko Jaurlaritzak Finantzen Euskal Kontseiluaren bilera atzeratzea erabaki zuen, urriaren 15etik 23ra, hauteskunde kanpainaren ondoren, kanpainak kontseiluaren erabakietan ez eragiteko. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak erabakiaren kontra daude, 2013ko aurrekontuak osatzeko prozesua atzeratuko duelako. Urriko bilera oso garrantzitsua da, Jaurlaritzak eta foru aldundiek bertan kalkulatzen baitituzte urteko zerga bilketaren emaitzak eta hurrengo urtekoaren aurreikuspenak.

EAJren legez besteko proposamen bat eztabaidatu eta bozkatu zuten atzo Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean, Finantzen Euskal Kontseiluaren bilera urriaren 15a baino lehen egiteko. Proposamena onartu egin zuten, EAJren, PPren eta EAren botoekin; Eusko Jaurlaritzak, ordea, iragarri du ez duela aintzat hartuko.

Rikardo Gatzagaetxebarria EAJko legebiltzarkideak bileran aipatu zuen Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuek mila milioi euro gutxiago izango dituztela 2013an. Aurtengo aurrekontua 10.449 milioi eurokoa izan da. Gatzagaetxebarriak bi datu erabili ditu kopurua kalkulatzeko. Alde batetik, foru aldundiek aurten aurreikusi baino %6,5 gutxiago bilduko dutela zergetan, 791 milioi euro. Diru horren %70 dagokio Jaurlaritzari, 553,7 milioi euro. Bestetik, EAJko legebiltzarkidearen iritziz, kopuru horri 500 milioi euro gehitu behar zaizkio, Espainiako Gobernuak ezarritako defizit muga betetzeko.

%6ko jaitsiera espero zuten

Jakina da foru aldundiek aurten %6 gutxiago biltzea espero dutela. Maiatzean, ordura arteko diru sarreren jaitsiera nabarmena zela ikusita, aurreikuspenak aldatu eta %6ko jaitsieraren arabera jokatzea erabaki zuten, murrizketak eginez eta gastuak atzeratuz.

Defizitaren kopuruari dagokionez, Espainiako Gobernuak barne produktu gordinaren %0,7ko muga ezarri die autonomia erkidegoei —aurten %1,5ekoa da—. Horrek esan nahi du gastua 466 milioi euro gutxitu behar dela —Gatzagaetxebarriak 500 milioi euro aipatu ditu— edo diru sarrerak neurri berean handitu. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek iragarri dituzte zerga erreformak, diru sarrerak handitzeko asmoz.

Eusko Jaurlaritzak zorpetzeko aukerarik ere ez du, urteotan asko zorpetu baita eta ia gainditu baitu zorpetze muga. 500 milioi euro inguru ordainduko ditu 2013an zorraren interesetan, eta gehiago izango dira datozen urteetan.

Alegia, horrek guztiak esan nahi du doikuntzak egin beharko dituela 2013rako. Carlos Agirre Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak «doikuntza argiak» aipatu izan ditu. Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakariak, baina, doikuntzak egin aurretik, hauteskundeak aurreratu ditu. Egoerak Jaurlaritza eta aldundiak aurten bertan murrizketa gehiago onartzera behar ditzake.

EAJren salaketa ez da berria. Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigai eta EBBko presidenteak mila milioi euroko zuloa aipatu zuen jada otsailean. Carlos Agirre Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak duela hilabete erantzun zuen dirua badaukala altxortegian zerga bilketaren jaitsierari aurre egiteko. Mendiak atzo gehitu zuen «goizegi» dela hurrengo urteko kalkuluak egiteko. «Fede txarrez aritzea» leporatu zion EAJri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.