Euskadiko Aurrezki Kutxa eta Bahitetxerik ez da izango, oraingoz. Izan ere, atzo Gipuzkoa Donostia Kutxako batzarrak lau botogatik ez zion oniritzirik eman BBK-rekin bat egiteari. EAk, ordea, Kutxako batzarra berriro egiteko eskatu du gaur -prentsa oharra atera du-, eta bigarren bozketak sekretupekoa ez lukeela izan beharko dio -atzokoa halakoa izan zen-.
EAJ eta PSE-EE kritikatu ditu, bere ustez haiek bozketa sekretupekoa izatea hitzartu zutelako; "iruzurra" izan dela iritzi dio. Prozesuaren "kudeaketa hasieratik gaizki" egin dela aitortu du EAk. Bide batez, atzo bere ordezkariek bat-egitearen alde bozkatu zutela berretsi du.
Iñaki Galdos EAko Gipuzkoako presidenteak, aurretik, PSE-EEren aurka egin du. Batetik, Kutxaren atzoko batzarraren ondoren PSE-EEko kideak taberna batean xanpainarekin "ospatzen" ikusi zituela agertu du eta horrekin "izugarri haserretu" zela. Bestetik, "[EAEko] hauteskundeak gertu daudela-eta, PSEk uste du kutxen bat-egitearen aurka azalduta etekina lor dezakeela". Sozialistek "garbi" ez dutela jokatu salatu du Galdosek Euskadi Irratian.
Kontra bozkatu dutenek, "EAJren aurkako botoa" eman dutela esan du gaur Iñigo Urkullu EAJko Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) presidenteak eta "bi kutxek bat ez egitea EAJrentzat jipoia" izan dela aitortu du. PSE-EE eta PP kritikatu ditu, batik bat, Urkulluk. "Krisi garaian non daude herritarren interesak defenditzeko?", galdetu du bi alderdi haiez, eta "ezker abertzale erradikalaren jokoa" egin dutela gaitzetsi du.
EB da bat-egitearen alde azaldu du beste eragile politikoa, eta Javier Madrazo koordinatzaileak adierazi du PSE-EEk Kutxako batzarra zela-eta "presioa" egin zuela eta sozialistek "garapen industriala eragotzi" dutela.
Aralarrek ordezkari bat dauka Kutxan eta aldeko botoa eman zuen. Jon Abril koordinatzaileordeak hurrengorako "prozesu parte-hartzaileagoa" beharko dela eskatu du.
PSE-EEk, PPk eta EHAK-k, aldiz, bat-egitea "EAJren porrota" izan dela uste dute. "EAJk bat-egiteko prozesua bere erara egin du, goitik, eta pasatu dena pasatu da. Inteligenteagoa izan behar zuen, eta bat-egitea denen artean bultzatu, ez batzuen artean bakarrik", esan du gaur PSE-EEk.
Iñaki Oiartzabal PPko kideak, "EAJren porrota" ez ezik, "Ibarretxeren Gobernuaren porrota" ere izan dela iritzi dio; "inposaketaren Gobernuaren porrota".
Nekane Erauskin EHAK-ko legebiltzarkideak uste du "lehendabizi, kutxen ereduaz eztabaidatu" behar dela, "Euskal Herria eraikitzeko eta herritarren beharrak kontuan hartzeko".
EkoNOMIA
EAk Kutxako batzarra berriro egiteko eskatu du
Urkulluk dio "EAJrentzat jipoia" izan dela BBK-k eta Kutxak bat ez egitea. PSE-EEk, PPk eta EHAK-k adierazi dute jeltzaleen "porrota" izan dela. EAk eta EBk sozialistak kritikatu dituzte, eta Aralarrek hurrengorako "prozesu parte-hartzaileagoa" galdegin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu