Paparra ateratzeko zernahi motiboren bila dabil Europako Batzordea, eta batez ere Maros Sefcovic Merkataritza komisarioa, Donald Trumpen muga zerga bidegabeetara makurtu behar izan ondoren. Hala ere, fundamentua badu Sefcovicek gaur aurkeztutako irudiak, Europako Batasunaren eta Mercosurren arteko merkataritza akordioa gorpuztu duenak.
Funtsean, Europako Batasunaren merkataritza librerako itunik handiena izango da, eta 700 milioi herritarreko merkatua sortuko da Mercosurreko bost herrialdeekin —Argentina, Bolivia, Brasil, Paraguai eta Uruguai—.
Sefcovicen arabera, itun horren bidez EB «mugitzen lehena» izango da, eta horrek abantailak emango dizkio, gainerako herrialdeek Mercosurreko lurraldeetan muga zerga handiak izaten jarraituko dutelako. Komisarioaren kalkuluetan, akordioarekin esportatzaile europarrek 4.000 milioi euro aurreztuko dituzte, eta EBren Mercosurrerako esportazioak %39 handituko dira.
Bestela ere, Sefcovicen ustez, «akordio estrategikoa da EBrentzat, Europaren estaldura ekonomiko globala segurtatuko baitu hala». Alde horretatik, mineral kritikoak lortzeko modua emango duela gaineratu du.
Baina ondorio ekonomikoetatik harago, beste esangura garrantzitsuagoa hartu du bi bloke handi horien arteko itunak. Trump iritsi zenetik hankaz gora geratu diren harreman geopolitikoak berregituratzen ari diren honetan, merkataritza librearen eta multilateralismoaren aldeko apustu bat da.

25 urteko negoziazio gorabeheratsuen ostean, akordioa, berez, 2024ko abenduaren 6an lortu eta sinatu zen Montevideon, Trumpen etorrerak munduko merkataritza dardarka zuela.
Mercosurreko herrialdeek EBko inportazioen gaineko muga zergen %91 kenduko dituzte hamabost urteko epean. Adibidez, desagertu egingo dira Europan ekoitzitako autoen eta makinen gaineko gaur egungo %35eko muga zergak, baita ardoen gaineko %17koak eta likoreen gaineko %20-35ekoak ere.
Europako gaztentzako 30 milioi kiloko kuota bat ere izango da muga zergetatik libre.
Bere aldetik, EB Mercosurreko salgaien gaineko muga zergen %92 murrizten joango da, hamar urteko epean. Eta hainbat elikagairentzat kuota gehigarriak izango dira. Muga zergarik ordaindu gabe sartuko dira EBra 99 milioi kilo behi haragi, 180 milioi kilo hegazti haragi, 190 milioi kilo azukre eta mila milioi kilo arto.
Kritikoak baretu asmoz
Aparteko kuota horiek, Bruselaren arabera, Europako gaur egungo behi haragiaren kontsumoaren %1,6 eta hegazti haragiaren kontsumoaren %1,4 hartzen dute. Gainera, Mercosurreko haragiak EBko baldintzak betetzen ditu, eta horren erakusgarri da dagoeneko 200 milioi kilo behi haragi inportatzen dela hango herrialdeetatik urtero.
«Entzun zaituztegu», esan die Sefcovic komisarioak nekazariei. «Horregatik da itun hau berria, entzun zaituztegulako»
Hain zuzen, EBk «barneko babes neurriak» hartuko ditu nekazaritzako salgaien inportazioak direla-eta kezkatuen —edo, zuzenean, haien kontra— dauden herrialdeak nolabait baretzeko; Frantzia, Polonia eta Italia, alegia.
Horrez gain, Segurtasun Sare Bateratua sortuko da EBren aurrekontuaren barruan, 6.300 milioi euroren funtsarekin, «nekazariak laguntzeko akordioak eragin kaltegarria izango balu ere EBko nekazaritza merkatuetan».
«Entzun zaituztegu», esan die Sefcovicek nekazariei. «Horregatik da itun hau berria, entzun zaituztegulako».

Hemendik aurrera
Europako Batasunari dagokionez, merkataritza itunak Europar Kontseiluaren —herrialdeen— oniritzia behar du aurrena, eta Europako Parlamentuaren berrespena gero. Parlamentuko bidea nahasiagoa izango da, baina hartarako ere erabakigarria izango da aurretik Kontseiluak erabakiko duena.
Onarpena eta ezarpena errazteko, akordioak bi atal nagusi izango ditu, bat merkataritzari dagokiona eta beste bat alderdi politikorako. Akordio guztia herrialdeetako parlamentuetatik pasatzea saihestuko da horrela.
Sefcovicen arabera, merkataritza atalaren onarpena EB mailara mugatzea zen Mercosurreko negoziatzaileei segurtasuna emateko modua.
Kontseiluan ez da beharrezkoa Merkataritza ministroen ahobatezko onarpena, eta nahikoa da gehiengo kualifikatu batek baiezkoa ematea. Horrek esan nahi du lau herrialde behar direla ituna blokeatzeko, gutxienez EBko biztanleriaren %35 ordezkatzen dutenak. Berrespenaren kontra agertu diren herrialdeek —Austria, Frantzia eta Polonia— laugarren kide handi bat beharko lukete, beraz.
Europar Kontseiluan blokeorik ez badago, ituna Europako Parlamentura joango da, baina han parlamentuaren eskumenei dagozkion atalak soilik bozkatuko dira, hala nola merkataritza liberalizazioari dagozkionak.
Urte bukaeran itunaren lehen atalak ezartzen hasi nahiko luke Bruselak.
Mercosurri dagokionez, herrialdeetako parlamentuek eman behar diote oniritzia itunari. Parlamenturen batek ezezkoa emango balu, herrialde hori itunetik kanpo geratuko litzateke, baina akordioa aplikatuko litzateke hura onartzen duten herrialdeetan.
GAKOAK
Zergatik da akordioa garrantzitsua EBrentzat?
Bi blokeen arteko salerosketak errazteak ekar ditzakeen onura ekonomikoez gain, Mercosurrekin halako itun bat lortzea «behar geopolitikoa» da orain Europako Batasunarentzat.
Batetik, AEBek eta Donald Trumpek azken hilabeteetan egindako erdeinuei begira, EBk
indar, lidergo, aitzindaritza... dena delakoaren irudia eman nahi du, eta Trumpen protekzionismoa bazterrera utzita globalizazioak hor dirauela erakutsi.
Eta, bestetik, Hego Amerikako merkatuetan tokia hartzea interesatzen zaio EBri, Txinak hango merkatu guztiak hartu baino lehen.
Zergatik da akordioa garrantzitsua Mercosurrentzat?
Zer esanik ez, Brasilen edo Argentinaren moduko nekazaritza potentzientzat EBrena bezalako merkatu bat zabaltzea sekulako lorpena da.
Eta lorpena ez da soilik dirutan lortzen. Txinarekiko menpekotasun gero eta handiagoak ere kezkatzen ditu Mercosurreko herrialdeak, eta gauza bera gertatzen zaie AEBekin.
Menpekotasun horren erakusle, Brasilek jasotako kolpea: herrialdeari jada %50eko muga zergak ezarri dizkio Trumpek, bere adiskide Jair Bolsonaro presidente ordea auziperatzeagatik.
Zein dira akordioaren etsai nagusiak?Negoziazioen hasieratik, 1999. urtetik, Frantzia izan da EBk Mercosurrekin merkataritza akordioa egitearen kontra agertu den herrialde nagusia. Ulertzekoa da, ikusita zer-nolako garrantzia, mobilizaziorako ahalmena eta sinbolismoa duen nekazaritzak Frantzian.
Batez ere haren ezezko biribila izan da Bruselak eta Mercosurrek 2019an lortutako adostasuna urteetan izoztuta eduki duena.
Irlanda, Herbehereak eta Austria ere akordioaren kontrakoak dira, baina itunaren kontrako beste indar handia Polonia da, zeina 2004an sartu zen EBn, alegia, itun honetarako negoziazioak hasi eta bost urte geroago. Nekazaritzak eta batez ere abeltzaintzak pisu handia du Poloniako ekonomian.
Italia da Mercosurrekin merkataritza ituna egitearen kontra azaldu den beste herrialde handia. Baina Italia elikagaien esportatzaile handia ere bada, eta ikuspegi horretatik Mercosurreko merkatuak interesatzen zaizkio.
EBren eta Mercosurren arteko akordio batek ingurumenean izan ditzakeen eraginez ere kezkatuta dago hainbat jende. Funtsean, Argentinaren eta Brasilen nekazaritza eredu industrialak bultzada hartzeak izan dezakeen eragina; adibidez, Brasilen kasuan, Amazoniaren deforestazioa.
Mercosurreko herrialdeak ere agertu izan dira EBrekin akordioa egitearen aurka, haietan gobernuek joera protekzionista hartzen zutenean.